Zaborren kudeaketari buruz, "argi berba egitea" eskatu dio oposizioak Bilduri

Anboto 2014ko mai. 16a, 11:25

Oposizioko hiru alderdietako bost ordezkariek agerraldia burutu zuten atzo, zaborren kudeaketari dagokionez Bilduko udal gobernuak hartutako erabakiak gaitzesteko.

 

Apurtzen diren lurpeko zaborrontziak konpondu beharrean, gainazaleko zaborrontziak ipintzeko Bilduren erabakia kritikatu zuten, Zaldibarko EAJ, PSE eta PP alderdietako bost zinegotziek, atzoko prentsaurrekoan. "Zentzugabekeria iruditzen zaigu gobernuaren erabaki hori, eta horrela adierazi diegu hainbat batzordetan", azpimarratu zuten. "Udal gobernuari gai honekiko daukan jarrera berriz pentsatu dezan eskatzeko daukagun aukera bakarra da agerraldi hau egitea", adierazi zuten.

Herritarrek Bilduk zaborren kudeaketaren gaian dauzkan asmoak zeintzuk diren ez dakitela kritikatu zuten oposizioko zinegotziek, eta "gardentasunez jokatzea, eta dauzkan asmoen berri argi berba egitea" eskatu zioten udal gobernuari: "Azaldu dezatela euren asmoa Zaldibarren atez-ateko sistema ezartzea ote den", eskatu zien Nerea Garitagoitia EAJko bozeroaleak.

"Gogoeta egin dezala" eskatu dio oposizioak Bilduri, eta "lurpeko zaborrontziak erabilgarri izateko mantenu lanak egin ditzala". Gobernuak horrelakorik egin ezean, Javier Tera PSEko ordezkariak aurreratu zuen, "ekimenen bat abiatuko dugu erabaki horren kontra: sinadura-bilketa bat, esaterako: izan ere, gaiaren inguruko erabakia eskatu ziguten lehenengo, adierazi genien gure ezadostasuna, eta azkenean eurenagaz egin dute aurrera".

"Lurpeko zaborrontzietan dirutza inbertitu zuen udalak bere garaian", azpimarratu zuen Benito Paco PPko zinegotziak, "orain beste barik ixtea ez da onargarria". Oposizioaren ustez, garbitasunari eta kutsadurari loturiko arazoak sortuko ditu lurpeko zaborrontzien ordez lur gainekoak ipintzeak.

Apurtuta zeudelako, Iturrioz kaleko lurpeko zaborrontzi bi itxi dituzte, azken asteetan. Lurrazaleko zaborrontziak ipini dituzte lurpekoen ordez. Gobernu taldeak azaldu otsailean azaldu zuen, lurpekoen mantenuak udalarentzako gehiegizko gastua dakarrela, eta horregaitik hartu dutela erabaki hori.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!