Zaldutri: Pausoz pauso aurrera doan Zaldibarko trialtoi taldea

Anboto 2014ko mai. 2a, 09:51

Zaldibarrera ere ailegatu da Triatloiaren moda. Duela urtebete inguru hasi zen mugimendua, eta pausoz pauso doaz aurrera. Kirol honegaz zaletu, eta hartu-emanetan hasi ziren herritar batzuk. Ondoren, taldea sortzea erabaki zuten. Hilabeteetan elkartea eratzen ibili dira, eta egia bihurtu da: Zaldutri izenagaz bataiatu dute taldea.

 

Jose Ignacio Letamendia eta Ander Cantero dira taldekideetako bi. Ondarroako herri triatloi batean parte hartu zuen lehenengoz Letamendiak. Bere anaia Durangoko Mugarra Triatloi Taldean dabil, eta berak eragin zion kuriositatea. Cantero mendiko bizikletan ibiltzen zen, baina korrika eta igeri ere bai batzuetan. Berrizko igerilekuan elkar ezagutu, eta ikastaro batean parte hartu zuten. Lehenengo triatloietan parte hartzen hasi ziren orduan. Ekipazio berezi bat janzteko ilusioa piztu zitzaien, baina horretarako talde baten beharra zeukatela ondorioztatu zuten. Laguntza ekonomikoaren bila ere ibili dira eta topatu dute; Azpiaran, Alkideba, Patatas Eitua eta Koart 905 enpresek babestu dituzte.  


Kluba sortu dute eta, momentuz, sei lagun daude. Baina izena eman gura duen edonork ateak zabalik dauzkala nabarmendu dute: “Gero eta jende gehiago hobeto”, esan du Letamendiak.  Eurak ere hasiberriak direla eta beldur barik hurreratzeko deia egin du Canterok: “Gustatu zaigun afizio bat da. Bakoitza, astiro-astiro, bere helburuekin eta ideiekin doa aurrera”. Izena eman gura duenak zaldutri@gmail.com helbidera idatzi ahal du kontaktuan ipintzeko.


Kateatu egiten du
Zaldutriko kideek uste dute kirol erakargarria dela triatloia, kateatu egiten duela. Gainera, lasterketetan giro ona dagoela esan du Letamendiak: “Jendeak asko laguntzen dio elkarri; desberdina da”. Horrez gainera, ariketa fisikoaren ikuspuntutik ere alde positiboa ikusten du Canterok: “Nik gainditze prozesu bat lez ikusten dut.  Zu zara korrika, bizikletan eta igerian. Zu mentalizatzen zara”.


Oraindik talde jaioberria denez, ez dute erabaki Zaldibarren ekintzarik antolatuko duten edo ez. Interesa eduki arren, ekimen bat antolatzeko jendearen laguntza beharko dela uste dute. Momentuz, taldea sendotzea da euren asmoa.


Ekipazioa diseinatu dute eta estreinatzeko itxaroten daude. Maiatzaren 10ean lasterketa batera doaz Zaldutri taldekoak, eta han egin gura dute debuta ekipazioagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!