Ofizioak Olazarreko finalera eraman ditu Beitia eta Diez

Anboto 2013ko abe. 20a, 08:39

Asier Beitiak eta Aitor Diezek Olazar Pilota Txapelketako finala jokatuko dute abenduaren 31n; lau t’erdian Errandonea eta Bakaikoa neurtuko dira

Asier Beitiak eta Aitor Diezek Olazar Pilota Txapelketako finala jokatuko dute abenduaren 31n; lau t’erdian Errandonea eta Bakaikoa neurtuko dira.

 

Zaldibarko Olazar Pilota Txapelketak abenduaren 31ko finaletan (16:30etik aurrera) banatuko ditu aurtengo lau t’erdiko eta binakako txapelak. Lau t’erdian nafar bi lehiatuko dira: Ander Errandonea eta Joanes Bakaikoa. Binaka, Asier Beitiak eta Aitor Diezek osatzen dute finaleko bikote bietako bat. Bigarrena atzo gaueko finalerditik irten zen: Urbieta-Iturriaga eta Arrieta-Gorrotxategi.

 

Usansoloko Beitiak eta Diez portugaletetarrak 22-17 irabazi zuten finalerdietan Igor Azpiri elorriarraren eta Kerman Galarza galdakoztarraren aurka. Partidu oso gogor batean Beitia izan zen laukotean onena. Azpiri, aldiz, bere mailatik behera aritu zen. Egia da arerioek buruz gain pasatu zizkiotela pilotarik gehienak, eta jokoan sartzeko zailtasunak izan zituela, baina berak ere ez zion finalerdiari neurririk hartu. Partiduak Azpiri jokoan gehiago sartzea eskatzen zuen. Izan ere, Galarzari lana pilatzen ari zitzaion. Beitia eta Diezi ofizioak eman zien finalerako txartela; zuzen jokatu eta gutxi galdu zuten.

 

Bestalde, lau t’erdian Ander Errandonea beratarra eta Joanes Bakaikoa etxarriaranaztarra neurtuko dira. Bakaikoak ez du finalerdirik jokatu behar izan sailkatzeko. Dario Gomezek txapelketa utzi du eskuko minagatik, eta nafarra zuzenean sailkatu da finalera. Horrela, apurka gorantz doazen pilotari gazte biren arteko lehia ikusi ahalko da finalean. Bakaikoa izango da faborito. Aurrean abila da eta badaki pilota mugitzen. Piloteoan agindu egin behar luke. Errandoneak finalerdietan Lopez kanporatzeko erakutsi zuen maila errepikatu beharko du finala irabazteko. Sake-errematean arriskutsua da.

 

Antolatzaileak gustura daude txapelketak orain arte emandakoarekin, pilotalekura jende asko batu delako eta partidu asko parekatuak izan direlako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!