Gaur final-laurdenak amaituko dituzte, eta datozen eguenetan finaleko protagonistak erabakiko dira.
Zaldibarko Olazar txapelketa unerik erabakigarrienean sartu da. Orain arteko jardunaldietako galbahe lanaren ostean, sailkatzea lortu duten pilotariek Euskal Herriko pilota txapelketa prestigiotsuenetako batean txapela janzteagaz egiten dute amets. Gaur, San Andres jaiak direla eta, partidu bi jokatuko dituzte: final-laurdenetako azkenak. Finalerako txartela datorren eguenetik aurrerako partiduetan jokatuko da. Garaipenerako aukera dutenen artean Igor Azpiri elorriarra dago.
Gaur, 21:30ean, lau t’erdiko eta binakako partidu bana jokatuko dira. Kaiolan, Gaizka Bendoiro errioxarra eta Joanes Bakaikoa doneztebarra neurtuko dira; binaka, aldiz, Asier Beitia eta Aitor Diez Andoni Mendinuetaren eta Aitor Aizpuruaren aurka ariko dira.
Abenduaren 5ean, 21:30ean, lau t’erdiko lehenengo finalerdia jokatuko dute Adrian Lopez larrabetzuarrak eta Ander Errandonea beratarrak. Errandoneak 17 urte ditu, eta Lopez hiru-lau urte beteranoagoa da. Biak dira gazteak, baina Lopezek hobeto ezagutzen du ofizioa, eta, horregatik, faboritotzat jo daiteke. Errandoneak errematerako dohain handiak ditu, baina oraindik ez da hain erregularra. Esaterako, final-laurdenetan 1-12 galtzen hasi zen Etxebarriaren aurka, eta, ondoren, zuzenean joan zen 22ra. Bere dohainak eta oraindik dituen hutsuneak bistaratu ziren partidu hartan.
Abenduaren 12an binakako aurreneko finalerdia jokatuko dute. Igor Azpirik eta Kerman Galarzak gaurko binakako partiduko irabazleak izango dituzte kontrario. Orain urte bi Mallabiko Biharko Izarrak txapelketako finalera heldu zen Azpiri beste final handi baten atarian dago. Galarzak eta Azpirik lana gogotik egin behar izan zuten joan zen astean Dorronsoro eta Perez menderatu (22-15) eta finalerdietara sailkatzeko. Partidu hasieran 9-2 aurreratu ziren arren, lan erdietara 11nako berdinketagaz heldu ziren. Bigarren zatian, gogortasunak bere horretan jarraitu zuen, baina tantoak bizkaitarren aldera erori ziren. Lau pilotariek maila handiko norgehiagoka eskaini zieten Zaldibarko pilotalekuan batu zirenei.
Finalaurreko bi 19an
Abenduaren 19an gainerako finalerdi biak jokatuko dituzte, 21:30etik aurrera. Lau t’erdian, atzo jokatu zuten Agirre eta Darioren artetik irten da lehenengo sailkatua; bigarrena, gaur erabakiko da Altuna eta Bakaikoaren artean. Binakako bikoteetako bat Xabier Urbieta eta Xabier Tolosa gipuzkoarrek osatzen dutena da, eta euren aurkariak atzo jokatutako Yoldi- Arratibel eta Onsalo-Gorrotxategi partidutik irten dira.