Asier Aspuru abadiñarrak lau t’erdian, eta Igor Azpirik binaka, final-laurdenak jokatuko dituzte.
Zaldibarko Olazar Pilota Txapelketan final-laurdenei dagozkien partiduak jokatuko dituzte datorren eguenean, 21:30etik aurrera. Finalerdietara sailkatzeko borrokan Durangaldeko pilotari bi ariko dira: Asier Aspuru abadiñarra lau t’erdian, eta Igor Azpiri elorriarra binaka.
Aspuruk partidu gaitza dauka Dario Gomez errioxarraren aurka. Abadiñarrak orain arte txapelketa bikaina osatu du, eta datorren eguenean ere bere mailarik onena eskaini beharko du errioxarra kanporatu eta finalaren atarira heltzeko. Igor Azpirik Kerman Galarza galdakoztarra izango du bizkarzain. Bizkaitarrek Arabako bikote bat izango dute aurkari: Aitzol Dorronsoro amurrioarra eta Miguel Perez gasteiztarra. Atzean Perezek agindu behar luke, Galarza baino jotzaileagoa delako, baina Perez galtzaileagoa ere bada. Galarzak normalean bezain seguru jokatzen badu, aurrean borroka ederra eskaini dezakete Azpirik eta Dorronsorok. Biak ala biak pilotari biziak dira, eta errematerako beti prest daudenak.