'Langileokin negoziatzeko ez dago prest enpresa: pultsua egin digu'

Anboto 2013ko uzt. 17a, 16:42
Astelehenetik greba mugagabean daude CMZ taldeko 70 langile. Bi dira euren aldarrikapenak: \"Hitzamen duina\" eta \"kaleraturiko langileak berriro hartzea\"

Astelehenetik greba mugagabean daude CMZ taldeko 70 langile. Bi dira euren aldarrikapenak: "Hitzamen duina" eta "kaleraturiko langileak berriro hartzea". 

Enpresa taldean gehiengo sindikala daukan LAB sindikatuko Eneko Agirre delegatuak azaldu duenez, “langileon hurrengo nomina gutxieneko soldatagaz parekatzeko asmoa” agertu du taldearen zuzendaritzak. Langileek ez dituzte onartzen soldata murrizketa hori eta 13 urtez bertan lanean ibilitako langile baten kaleratzea. Bestalde, 2012tik berritu barik daukaten lan hitzarmena negoziatzea ere eskatzen dute langileek.

 

\"\"

 

Joan zen barikuan langileen ordezkariek egindako proposamena ez zuten onartu arduradunek. Horri erantzunez, greba egitearen alde agertu ziren 70 langiletik 59: “Enpresa ez dago langileokin negoziatzeko prest: pultsua egin digu”.

 

Langileen ustez, Arantza Baigorri Zaldibarko alkateak enpresaren eta langileen arteko bitartekari gisa jarduteko bere burua eskaini duenean, enpresak eman duen erantzunak erakusten du borondate falta: “Beragaz ez dutela zertan egoeraz hitz egin erantzun diote alkateari”.

 

Langileak greban egon arren, arduradunek produkzioarekin jarraitu gura izan dutela eta horrek greba eskubidea urratzen duela ere salatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!