VIII. Goierri Rock: Superfluos, Damudot eta Sermond's aukeran

Anboto 2013ko uzt. 19a, 12:00
Herriko musikariek sorturiko Superfluos, eta Durangaldeko Damudot eta Sermond\'s taldeek joko dute gaur, 22:30ean, Zaldibarko Goierri auzoan

Herriko musikariek sorturiko Superfluos, eta Durangaldeko Damudot eta Sermond\'s taldeek joko dute gaur, 22:30ean, Zaldibarko Goierri auzoan.

 

Santa Marinako jaiak ospatzen dabiltza Zaldibarko Goierri auzoan eguaztenetik. Gaur, zortzigarren aldiz antolatu duten jaien barruko musika jaialdia izango da. Durangaldeko hiru musika talde gonbidatu dituzte aurtengo jaialdian jotzera: Zaldibarko hainbat taldetan jardundako musikariek kontzertu honetarako propio sorturiko Superfluos taldeak, Mallabia, Zaldibar eta Eibarko kideek osaturiko Damudot taldeak, eta Elorrioko Sermond’s taldeak joko dute.

 

Hain zuzen, Durangaldeko musika taldeei oholtza eskaini eta auzoko jaietan musika eskaintza zabala egin ahal izateko helburuz hasi ziren Goierri auzoko jaialdia antolatzen. Jaiak antolatzen dituzten herritarrek Gari Rock elkartearen laguntzagaz antolatu dute kontzertua.

 

Talde ezagunen kanten bertsioak eskainiko ditu Superfluos taldeak; iazko maiatzean kaleratu zuten diskoko kantak eskainiko dituzte metal doinuak jotzen dozena bat urte daroaten Damudot taldekoek; eta, aurtengo udaberrian aurkezturiko Bidegurutzean diskoko kantak zuzenean joko ditu Elorrioko Sermond’s taldeak. Entzuleek gustukoen duten Sermond’s-en zuzeneko esentzia eskainiko dute kontzertu horretan ere: emanaldi dinamikoa izango da.

 

Besteak beste, Zaldibarko Disorders edo Noisex taldeetan ibilitako musikariek osaturiko Superfluos taldea da aurten herriko gonbidatua. Kontzertuen ostean, bolo jokoa egingo dute, Goierri auzoko jaietako ohiturara jarraituta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!