Zaldua Maila Gorenera itzuliko da, gaur etxean Berriatuko menderatzen badu

Anboto 2013ko mai. 4a, 08:40

Futbolean zein areto futbolean igotzeko puntuan daude Durangaldeko hainbat talde

Futbolean zein areto futbolean igotzeko puntuan daude Durangaldeko hainbat talde.

 

Datozen hiru asteburuetan erabakiko dira igoerak eta jaitsierak futbolean zein areto futbolean. Durangaldean igotzeko borrokan dabiltza talderik gehienak. Futbolean, talde bik euren esku izango dute igoera asteburu honetan. Zaldibarko Zalduak etxean Berriatuko menderatzen badu, igoko da seguru. Horrela, Lehenengo Erregionalean urtebete egin eta berriro itzuliko litzateke Maila Gorenera. Abadiño ere igoera postuan dago, baina asteburu honetan igotzeko, beste partiduetan aldeko emaitzak behar ditu. Gazteen mailako Iurretakok (Maila Gorenean) ere badaki irabaziz gero igo egingo dela. Horretarako, igotzeko aukerak dituen Abadiño menderatu beharko du. Nagusietan, Ohorezko Mailan dabilen Iurretakok, aldiz, derrigor batu behar ditu puntuak Sodupe liderraren zelaian, ezpabere, batere aukera barik geratu daiteke.

 

Presion Break eta Sapuberri

Areto futboleko Maila Gorenean Berrizko Presion Break taldeak igoera promozioa segurtatu dezake etxetik kanpora, Unta Ibarreko menderatu eta Scalibur eta Atxure Bakio taldeek euren partiduak galtzen badituzte. Igoera postu zuzenean ere kokatu daitezke, baina Zorrotzako liderrak erraz irabazi behar lioke Ortuella azken sailkatuari.

 

Lehenengo Erregionalean, Durangoko Sapuberri liderra igo egin daiteke, euren partidua irabazi eta aldeko emaitzak egoten badira. Elorrioko B ere igoera postuan dago; helburua lortzen badu, maila bat beherago igoera lortu duen Elorrioko C ere igoko litzateke. Dantzari eta Gu Lagunak taldeek asko dute jokoan asteburuko derbian. Iurretako taldeak garaipena behar du igoeragaz amesten jarraitzeko; Durangoko taldeak, ostera, jaitsiera postuetatik aldendu gura du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!