Hamahiru titular eta kapitain ditu Julza-Zaldua taldeak

Anboto 2013ko urt. 26a, 08:03

Bigarren erregionalean igoera postuan daude; jokalari denek partidu guztietan jokatzen dute, eta titularrak bezain garrantzitsuak dira aulkikoak

Bigarren erregionalean igoera postuan daude; jokalari denek partidu guztietan jokatzen dute, eta titularrak bezain garrantzitsuak dira aulkikoak.

 

Liga amaitzeko zazpi jardunaldiren faltan, Zaldibarko Julza-Zaldua saskibaloi taldea bigarren erregionaleko igoera postuan dago. Orain arte, bederatzi neurketa irabazi eta bi galdu dituzte, eta hiru garaipeneko aldea dute hirugarren sailkatuarekiko.

 

Julza-Zaldua ez da izarrez eta gregarioz osatutako taldea. Jose Martin Garitaonandia entrenatzailearen esanetan, "denek dute maila ona, eta ez dago bat bestearen gainetik nabarmentzen den inor". Gaur egun, 13 fitxa dituzte eta hasierako boskoteko titularrak bezain garrantzitsuak dira aulkikoak: "Lehen zatia amaitu aurretik, jokalari denek jokatzen dute. Horrela, partidu amaierara freskoago heltzen gara, eta pertsonalez ez hain kargatuta. Gure aurkariek badakite talde zabala eduki behar dutela guri aurre egiteko". Ez dute kapitain finko bat ere. Txandatu egiten dira, garrantzia talde lanean dagoela azpimarratzeko.

 

Garitaonandiak talde osoarengan duen konfiantza ez da kasualitatea. Eguneroko lanagaz irabazi dute konfiantza hori: "Hamahiru fitxa baditugu, gutxienez hamabi jokalari beti etortzen dira entrenamenduetara. Horrek asko esan gura du niretzat. Konpromisoa eta ilusioa ikusten ditut".

 

Zazpitik bost etxean

Falta diren zazpi partiduetatik bost etxean jokatuko dituzte. Beraz, Zaldibarko neurketak aurrera ateratzea nahikoa izango litzateke igoera lortzeko. Ondoren, mailako multzo bietako aurreneko biek elkarren kontra jokatuko dute, lehen lau sailkatuen ordena erabakitzeko. Baina igo, lehenengo laurak igoko dira, gutxienez. Gaur, 18:00etan, Mudanzas Alvaro Barakaldo taldea hartuko dute etxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!