Dorronsoro arabarrak 22-12 menderatu zuen Oronoz nafarra. Binaka Altzelaik eta Diezek ezingo dute iazko txapela berritu.
Olazar pilota txapelketako lehenengo finalerdiak jokatu zituzten atzo gauean Zaldibarko pilotalekuan. Partidu luze eta gogorrak jokatu zituzten lau t’erdian zein binaka.
Kaiolan Aitzol Dorronsorok 22-20 irabazi zion Oronozi. Horrela, aurten 25. aldia egin duen Olazar txapelketako finalera arabar bat heltzen den lehenengo pilotaria bihurtu da Dorronsoro. Hasiera ikusgarria izan zuen partiduak. Bederatzinakora arte oso partidu ona jokatu zuten bi gazteek. Ordutik aurrera, partidua hautsi egin zen nekeak eraginda eta Dorronsorok alde erabakigarria hartu zuen.
Markagailua: 1-1, 3-4, 4-6, 5-8, 9-8, 9-9, 11-9, 11-11, 21-11, 21-12 eta 22-12.
Binaka, Beitiak eta Galarzak 22-20 menderatu zituzten Altzelai eta Diez iazko txapeldunak. Partidu gogorra eta luzea jokatu zuten (ordu eta hogei minutu). Atzelari biek partidu handia jokatu zuten. Pilotakada asko jo zituzten, indartsu eta seguru. Azkenean biek eskua minduta amaitu zuten. Aurrelariak ere ondo aritu ziren, baina tantoa galtzeko beldurrez ez zuten askorik arriskatu. Horrela, Asier Beitia usansoloarra zazpi urteren ostean berriro heldu da Olazar txapelketako finalera.
Markagailua: 0-2, 5-2, 6-6, 7-7, 8-8, 8-10, 10-10, 10-12, 14-12, 14-13, 15-14, 16-15, 18-15, 18-16, 20-16 eta 20-22.
Hurrengo finalerdiak datorren eguenean jokatuko dituzte.