Eguenean, Olazarreko finalak erabakiko dituzte

Anboto 2012ko abe. 14a, 08:30

Lau t´erdian Artola eta Irribarria lehiatuko dira; binaka nafarren eta arabarren arteko lehia egongo da Zaldibarko Olazar pilotalekuan

Lau t´erdian Artola eta Irribarria lehiatuko dira; binaka nafarren eta arabarren arteko lehia egongo da Zaldibarko Olazar pilotalekuan.

 

Zaldibarko Olazar pilota txapelketaren 25. aldia finalerdietara heldu da. Atzo erabaki ziren finalisten erdiak eta datorren eguenean erabakiko dira falta direnak.

 

Hilaren 20an, 21:30ean, lau t’erdiko eta binakako finalerdi bana jokatuko dituzte. Kaiolan Iker Irribarria eta Iñaki Artola izango dira aurrez aurre. Pilota zaleen eta adituen arabera, etorkizun handiko pilotariak dira biak. Artola da faborito esperientzia handiagoa duelako, baina pronostikoak zabalik daude. Irribarria kolpez gehiago da eta ezkerra den heinean, badaki zabaleko arrastoa bilatzen. Artola teknikoagoa da, eta fisikoki ezinhobeto prestatuta dago. Nork bere jokalmoldea erabiliz partidu estua aurreikusten da.

 

Binaka Ansotegi eta Linzoain nafarrak Albarado eta Tabar arabarren aurka ariko dira. Finalerdi honetan nafarrak dira faborito. Linzoain Albarado baino jotzaileagoa da, eta pentsatzekoa da Ansotegik aukera gehiago izango dituela aurrean. Ansotegik orain urte bi Olazar pilota txapelketa irabazi zuen lau t’erdian, gaur egun profesionaletan ari den Ezkurdia menderatuta.

 

Atzoko finalerdian Dorronsoro eta Oronoz neurtu ziren lau t’erdian, eta Altzelai-Diez eta Beitia-Galarza binaka.Finalak abenduaren 31n jokatuko dira, 16:30ean.

 

25 . urteurreneko bideoa

Txapelketaren 25 urteko historia jasotzen duen DVDa lantzen ari dira antolatzaileak. Final denetako irudiak eta txapelketan parte hartu duten pilotari ezagunen adierazpenekin osatuko dute: Haimar Olaizola, Oinatz Bengoetxea, Juan Martinez de Irujo… Aurtengo irudiekin batera bideoa amaitzen dutenean, herriko dendetan salgai jarri gura dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!