Domekan Euskadi eta Espainia mailako hainbat txapelketa jokatuko dira, kiroldegian.
Hamabost urte joan dira Zaldibar arku taldea sortu zutenetik. 1997an Carlos Olabarriagak Bilbon arku tiroaren gaineko ikastaro bat egin ostean, beste lagun batzuekin batera herrian talde bat sortzea erabaki zuen. Harrezkero, urtea joan eta urtea etorri, hain ezaguna ez den kirol mota hori sustatzen jardun dute nagusien zein gaztetxoen artean.
Domekan arku tiroaren inguruko hiru txapelketa jokatuko dituzte Zaldibarko kiroldegian, eta herritarrei dei egin diete bertaratu eta arku tiro jaurtiketa bertatik bertara ezagutzeko. Hain zuzen, etzi hiru txapelketa jokatuko dituzte 09:00etatik 13:30era. Lehenengo, Asturias, Errioxa eta beste hainbat lekutatik etorritako arkulariek Espainiako txapelketetara sailkatzeko puntu baliotsuak izango dituzte jokoan. Ondoren, arkulari euskaldunek Euskal Ligarako bigarren jardunaldia jokatuko dute. Zaldibarkoaren ostean, Bermeoko azkena bakarrik faltako da Euska Liga amaitzeko. Txapelketa ofizial horiekin batera, XV. San Andres Saria ere egingo dute.
Tiralari guztiek parte hartuko dute herriko txapelketa horretan. Gainera, irabazleak sari berezia jasoko du, hain justu, arku taldeak 15. urteurrena ospatzeko, aurtengo aldirako beren beregi diseinatu duen trofeo bat. Zaldibarko elizako erretaularen izkina batean XII. mendeko arkulari bat agertzen da, eta irudi horretan oinarritutako garaikurra banatuko dute.
Gaur egun, 20 lagunek osatzen dute nagusien taldea. Arku tiroa ezagutarazi nahian, gaztetxoen artean ikastaroak ematen hasi ziren orain hiru urte, eta gaur egun, sei gaztetxo prest daude etorkizunean nagusien erreleboa hartzeko. Horien artean, 15 urte bete berri dituen Aitor del Hierro zaldibartarraren maila azpimarratu du Iñigo Gorritxategi arku tiro taldeko ordezkariak: “Arku tiroa gustatu egiten zaio, gogotsu dabil eta etorkizun handia du”. Aurten Bizkaiko txapelketa irabazi du kadeteetan.
Leku berri baten bila
Gaur egun, sasoi batean futbol zelaia zegoen ondoko lokaletan entrenatzen dute. Pista estaliko txapelketak prestatzeko, azpiegitura egokiak dituzte. Baina aire zabaleko txapelketak prestazeko leku berri baten bila dabiltza. Oraingo lekuan, sasoi bateko futbol zelaian, erabilera mugatua dute, ingurutik bidegorria doalako. Gorritxategiren arabera Zaldibarretik Mallabiarako irteeran dagoen zelai baten erabilera negoziatzen ari dira jabe pribatu batekin.
Sortu zenetik hona, goi mailako hainbat arkulari izan dituzte. Denen gainetik, Lidia Cañete dago. Cañetek hainbat bider irabazi ditu Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak. 2006an Espainiako Postal Liga Nazionala ere irabazi zuen.