Azpirik eta Landaburuk estreinaldi gatxa Olazarren

Anboto 2012ko urr. 21a, 08:30

Igor Azpiri eta Jon Landaburu pilotari elorriarrek, Olazar txapelketari ekingo diote; aurkako bikotea, Beitia eta Galarza, sasoi onean dago

Igor Azpiri eta Jon Landaburu pilotari elorriarrek, Olazar txapelketari ekingo diote; aurkako bikotea, Beitia eta Galarza, sasoi onean dago.

 

Igor Azpiri eta Jon Landaburu elorriarrek Zaldibarko Olazar pilota txapelketako lehenengo partida jokatuko dute eguenean, 21:30ean. Asier Beitia usansoloarra eta German Galarza galdakoztarra izango dituzte aurkari. Iaz elorriarrak Olazar txapelketako final laurdenetara heldu ziren .

 

Azpiri eta Landaburu dira sailkapena eskuratzeko faborito. Baina txapelketako antolatzaileetako batek, Enrike Agirrebeitiak adierazi duenez, lan gogorra egin beharko dute, batez ere Galarza sasoi betean dabilelako aspaldian. Galdakoztarrak Donostiako Antiguoko txapelketa irabazi zuen promesen mailan. Bergarako txapelketan, Arrieta bikote zuela, galdu egin zuen, baina txapelketa irabazteko faborito nagusiei (Elezkano I.ari eta Tolosari) hortzak erakutsi ostean (21-22). Tolosak Biharko Izarrak txapelketa irabazi zuen, Santxo gipuzkoarra bikote zuela, Jon Landaburu eta Danel Elezkano garaituta.

 

Elorriarren esku egongo da partidaren erritmoa ezartzea. Azpiri jokoan sartzea litzateke gakoa, erritmoa ezarriz eta aurrekaldean diferentzia markatuz. Landaburu eta Galarza atzekaldean berdintsu ibiliko dira; biek eurena ematen badute, joko luzea eta borrokatuaz gozatzeko aukera legoke.

 

Azpiri-Landaburu bikoteak irabaziz gero, eskilarako sisteman multzoko liderren kontra jokatu beharko luke hurrengo partidua. Multzoko liderren aurka irabazita, final laurdenetarako sailkatuko litzateke bikote elorriarra.
Jauregi gipuzkoarrak eta Oronoz nafarrak ere eguenean jokatuko dute partida lau t’erdian. Lehia parekatuta dago.
Iazko emaitza hobetu guran

 

Iazko gazi-gozoa gainditu nahian aterako dira elorriarrak kantxara. Izan ere, iazko Olazar txapelketako final laurdenetan ere elorriarrek Elezkano I izan zuten aurkari, orduan Gorrotxategi bikote zuela. Azpiri eta Landaburuk 5-22 galdu zuten partida hura. Historia gutxiko partida izan zen, bikote irabazlea hasieratik atakean indartsu azaldu baitzen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!