Angel Diaz de Cerio entrenatzaileagaz, Zaldua futbol taldeak bikain hasi du liga; orain arteko bost partiduak irabazi dituzte eta sailkapeneko lehenengo postuan daude zaldibartarrak.
Zalduak denboraldi hasiera paregabea osatu du. Zaldibarko futbol taldeak orain arte jokatutako bost partiduak irabazi ditu eta Lehen erregionaleko liderra da Fruiz taldeagaz batera. Mailari eustea da hasierako helburua, baina taldearen martxa ezinhobea ikusita, beharbada Angel Diaz de Cerio entrenatzaileak (55 urte, Elorrio) Elorrion orain urte gutxi lortutakoak amesten hastea ez da larregizkoa.
2008tik 2011ra, Diaz de Ceriok bata bestearen atzetik hiru igoera lortu zituen Elorriogaz eta Bigarren erregionaleko taldea Ohorezko mailan kokatu zuen. Gaur egun ere hantxe dihardu Iurretakogaz batera.
Hala ere, oinak lurrean dituzte bai jokalariek eta bai zuzendaritzak. Mailari eustea da Zalduaren aurtengo helburua, Diaz de Cerioren esanetan: “Lehenengo itzulia amaituta eta denen kontra jokatu ostean ikusiko dugu non gauden. Bitartean, mailari eusteko adina puntu batzea da gure helburua”.
Zalduak hamalau gol sartu eta bi bakarrik jaso ditu orain arte. Golegileen artean aniztasuna da nagusi. Aritz Areitioaurtenak eta Javier Castrillok hiruna sartu dituzte eta Borja Castrillok, Xabier Iraurgik eta Txomin Iturraldek bina.
Boladan dabilen taldeak, sarritan, haizea ere alde izaten duela ematen du. Joan zen asteburuan Ermuaren kontra jokatutako partidua da horren lekuko. Zalduak 2-1 menderatu zuen Ermua, emozioz betetako amaiera baten ostean. Ermua aurreratu zen markagailuan. Zalduak penalti bidez berdindu zuen eta aurkariari jokalari bat kendu zioten. Ostean, Ermuari beste jokalari bi kaleratu zizkioten eta zortzigaz amaitu zuen partiduak. Hala ere, Zalduak 93. minutura arte ez zuen sartu garaipenaren gola, Txomin Iturralderen bidez. Asteburuan, sailkapenaren erdian dabilen Plentzia bisitatuko dute.
Entrenatzaile aldaketa
Zalduak Jose Manuel Loiti entrenatzaileagaz hasi zuen denboraldia. Lehenengo jardunaldiaren ostean, lan kontuak medio, talde utzi behar izan zuen. Diaz de Ceriori eskaini zioten postua: “Nik aurten ez nuen entrenatzaile aritzeko asmorik, baina egia esanda denboraldi hasiera hurreratu ahala gogoa piztu zitzaidan. Orduan heldu zen Zaldua gidatzeko eskaintza. Zalduaren proiektua ere interesgarria iruditu zitzaidan”.