Igor Azpiri eta Jon Landaburu elorriarrek, bihar Zaldibarko Olazar txapelketako estraineko partida jokatuko dute. Asier Beitia usansoloarra eta German Galarza galdakoztarra izango dituzte aurkari.
Elorriarrak dira garaipena eskuratzeko faborito. Baina txapelketako antolatzaileetako bat den Enrike Agirrebeitiak adierazi duenez lan gogorra egin beharko dute hauek, Galarza aurkaria sasoian dabilelako, maila handia emanez. Donostiako Antiguoko txapelketako promesen mailako irabazlea izan da galdakoztarra. Bergarako txapelketan ere finalera iritsi zen Arrieta bikote zuela baina faborito ziren Elezkano I eta Tolosaren aurka galdu egin zuten, 21-22. Azken honek, Biharko Izarrak txapelketa irabazi zuen Santxo gipuzkoarra bikote zuela, Jon Landaburu eta Danel Elezkano garaituta.
Elorriarren esku egongo da partidaren erritmoa ezartzea. Azpiri jokoan sartzea litzateke gakoa, erritmoa ezarriz eta aurrekaldean diferentzia markatuz. Landaburu eta Galarza, atzekaldean berdintsu ibiliko lirateke biek eurena ematen badute, joko luzea eta borrokatua.
Azpiri-Landaburu bikoteak irabaziz gero, eskilarako sisteman multzoko liderren kontra jokatu beharko luke hurrengo partida. Multzoko liderren aurka irabazita, final laurdenetarako sailkatuko litzateke bikote elorriarra.
Jauregi gipuzkoarrak eta Oronoz nafarrak ere ostegunean jokatuko dute partida lau terdian. Lehia parekatuta dago, ez dago faborito argirik.
Iazko gazi-gozoa gainditu nahian aterako dira elorriarrak kantxara. Izan ere, iazko Olazar txapelketako final laurdenetan ere elorriarrek Elezkano I izan zuten aurkari, orduan Gorrotxategi bikote zuela. Azpiri eta Landaburuk 5-22 galdu zuten. Historia gutxiko partida izan zen, bikote irabazlea hasieratik indartsu azaldu baitzen.