Zaldibarko Olazar pilota txapelketa eguenean hasiko da; afizionatu mailako pilotaririk onenak batuko ditu aurten ere.
Zaldibarko Olazar pilota txapelketak mende laurdena egingo du aurten. Denbora honetan guztian, gaur egun profesionalen artean dabiltzan pilotaririk gehienek jokatu dute txapelketa. Aurten ere goi mailako parte-hartzea egongo da eta inguruko txapelketarik garrantzitsuenak (Biharko Izarrak, Bergara eta Antiguoko txapelketak…) irabazi dituzten pilotariak etorriko dira.
Urtero legez, txapelketa bi antolatu dituzte: binakakoa eta lau t’erdikoa. Datorren eguenean jokatuko da lehenengo jardunaldia eta finalak abenduaren 31n ebatziko dituzte. Jardunaldiak eguenetan, 21:30ean, izango dira Olazar pilotalekuan, eta jokamoldea urteroko bera da.
Pilotariak lau multzotan banatuko dituzte (hamabost bikote, eta hamazortzi pilotari lau t’erdian). Taldeak pilotarien mailaren arabera ordenatuta daude. Behetik gorako ordenan jokatuko dituzte kanporaketak. Horrela, multzoburua partidu bakarra irabazita sailkatu ahalko da finalaurrekoetarako. Behe-behetik hasten dena ere, asko jota hiru partidutan helduko da finalaren atarira.
Faborito asko
Iaz Altzelaik eta Diezek irabazi zuten binakako txapelketa eta aurten txapela defendatzeko aukera eman diete. Finala galdu zuten Yoldik eta Arratibelek ere bikotea osatzen dute aurten. Urbieta eta Tolosa faborito nagusien artean daude: Xabier Tolosak Biharko Izarrak txapelketa irabazi du. Durangaldeko ordezkariei dagokienez, Igor Azpiri eta Jon Lanburu elorriarrek bikotea osatuko dute eta Andoni Aldape mallabitarrak Larrañagagaz jolatuko du.
Lau t’erdian iaz finala galdu zuen Bixintxo Bilbao irabazteko faboritoen artean dago. Kaiolan Durangaldeko ordezkari bakarra Aitor Arabiourrutia abadiñarra izango da.
Olazarren finaletako irudiak, argazkiak eta parte hartu duten hainbat pilotariren iritziak batuko dituzte bideo batean
Zelan ospatuko duzue 25. aldia? Txapelketa hasi zenetik orain arteko alkate denei oroigarri bat emango diegu finalean, laguntza eskertzeko. Ikus-entzunezko bat lantzen ere bagabiltza. Txapelketako finala telebistaz eman dute azken hemeretzi urteetan eta finaletako irudi interesgarrienak batuko ditugu. Aurreko aldiak argazkien bidez jasoko ditugu. Gure asmoa txapelketan parte hartu duten pilotarien iritziak jasotzea ere bada, Haimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujorena, esaterako.
Izar handi bi horiek ezin izan zuten txapelketa irabazi. Ez, biak finalaurrekoetan kanporatu zituzten. Olaizolak hamazazpi urte izango zituen parte hartu zuenean. Egia esanda, gaur egun profesionaletan goi mailan dabiltzan pilotaririk gehienek parte hartu dute Olazarren. Seguruenik Ives Xalaberri eta Sebastian Gonzalez izango dira salbuespen bakarrenetakoak.
Zergatik sortu zenuten Olazar txapelketa? Frontoi berria egin zenean herrian ohitura bihurtuko zen txapelketa bat sortzea proposatu zigun orduan zinegotzi zen Jose Mari Amezuak. Orduan du sorburua Olazar pilota txapelketak. |