Samuel Sanchezen erorikoak Tourrean helburu zehatz barik utzi dituela onartu du Ruben Perez Euskaltel Euskadiko txirrindulariak.
Euskaltel-Euskadi taldeari bost ordezkari bakarrik geratzen zaizkio Frantziako Tourrean. Erorikoen ondorioz, lasterketa utzi dute Mikel Astarlozak, Gorka Verdugok, Amets Txurrukak eta Samuel Sanchez talde buruak. Kolpe bereziki gogorra izan da Sanchezena, taldearen helburu nagusia asturiarrarentzako lan egitea zelako. Oraindino lehian jarraitzen duen boskoteko kidea da Ruben Perez zaldibartarra eta, kolpea gogorra izan dela onartu ostean, animoso agertu da: “Ez dugu etsiko, suspertu eta aurrera jarraitu behar dugu. Geratzen garen denok lehiakorrak gara eta etapa garaipena bilatuko dugu”.
Sanchezek Tourra utzi ostean zer egin ondo ez zekitela geratu ziren. “Helburu garbi bategaz etorri ginen, Samuri laguntzea”. Sanchez bera izan zen taldekideei animoak ematen lehenengoa. “Tourra ez zela orduan amaitzen eta azkenera arte borrokatu behar dela esan zigun. Bai berak eta bai taldeak animo asko eman dizkigute”.
Orain arte, batez ere, bi-hiru txirrindularik zuten ihesaldietan saiatzeko ardura. Orain, “denok batera horretan saiatuko gara”. Hainbat etapa dituzte begiz jota. Astelehenekoa da bat, Paun amaitzen dena, eta barikukoa bestea, Brive La Gallarden erabakiko dena. Hirugarren eta laugarren mailako mendateak eta ibilbide gorabeheratsua dira ezaugarri nagusiak etapa bi horietan: “Zaila izango da. Esprinter nagusiek lasterketan jarraitzen dute eta euren taldeak gogotik saiatuko dira lasterketa esprintean amaitu dadin”.
Beraz, Pirinioetako etapa bietan ere saiatzeko asmoa dute: “Etapa gogorrak dira, baina gogotik ahaleginduko gara. Marea laranjak seguru asko animatuko gaituela Pirinioetako etapetan. Ea zaleen animoekin eta gure indarrekin etapa bat irabazten dugun”.