"Film labur osoan gura izan dugu emandako gaia islatu"

Anboto 2012ko eka. 1a, 08:36

\'Ondoezik\' izenburuko lanagaz irabazi dute Judit Fernandez zaldibartarrak eta Leire Aizpuru eibartarrak Kameratoia lehiaketaren lehenengo saria

‘Ondoezik’ izenburuko lanagaz irabazi dute Judit Fernandez zaldibartarrak eta Leire Aizpuru eibartarrak Kameratoia lehiaketaren lehenengo saria.

 

Zer uste duzue baloratu duela epaimahaiak gehien?

J. F.: Maratoietan beharrezkoa da gaia ondo markatu eta eskatutako ezaugarriak agertzea. Gauzak ez dira kasualitatez egin, asko zaindu dugu hori dena...

L. A.: Goitik behera gaia eman ziguten eta film labur osoan gura izan dugu emandako gaia islatu, ez bakarrik esaldi batean edo  momentu jakin batean. Planoak grabatzerakoan, adibidez, goitik beherako planoak grabatzen saiatu ginen.

 

Zuei, ikusle bezala, zer gustatzen zaizue zuen lanetik gehien?

J. F.: Gustora geratu gara lanagaz, eta besteen lanak ikustea ere aberasgarria da beti; gai batetik zenbat gauza atera daitezkeen!

 

Zer gura izan duzue lanagaz trasmititu?

J. F.: Errutinari ohituak gaudela esateko, protagonistak edozein egunekoa izan daitekeen bere ibilbidea kontatzen dio norbaiti. Baina badira bidean aurkitzen dituen gauza asko, oharkabean pasatzen ez direnak, eta protagonistari ondoeza eragiten diotenak. Abiadura Handiko Trenaren obrak, kasu honetan. Horretara ez da ohitzen.

 

Zelan landu duzue testua?

J. F.: Protagonista bere buruarekin ari da. Istorioa off-ahotsaz kontatu dugu. Testuak irudietara eraman gaitu, eta irudiek testua horrelakoa izatera. 

 

Irudiak lantzean zer ideiagaz jardun duzue? Erritmo lasaia gura izan duzue transmititu?

L. A.: Bi parte desberdin daude filmean. Batetik, hasiera; eta bukaera bestetik. Hasieran eta bukaeran erritmo lasaiagoa daukate irudiek, mozketa gutxiagorekin. Tartekoari erritmo biziagoa ematen ahalegindu gara: kamera mugimendu gehiago, mozketak...

J.F: Erritmo lasaiago batekin gauzak eramangarriagoak dira, eta agian ulergarriagoak ere. Istorioari oso ondo zetorkion erritmo hori, atentzioa irudietara eramateko.

 

Zelan funtzionatzen duzue? Zelan banatzen duzue lana?

J. F.: Ez da lehen aldia elkarrekin lan egiten duguna film bat egiteko. Ez gara espazio berdinean elkartzen baina taldeko lana da azken finean.

L. A.: Judit kameragaz eta gidoigintzan ibili da batez ere, eta ni edizio lanetan.

 

Zelakoa izan zen grabazio lana? Eta edizioarena?

J. F.: Goitik behera eta alde batetik bestera korrikan! (barrez). Nik grabatzen nuen bitartean, Leire muntaketa lanekin aritzen zen. Banaketa hori ere nahitaezkoa dela pentsatzen dut.

L. A.: Ni grabazioko lehen egunean bakarrik egon nintzen. Edizioan aritu naiz batez ere. Nahiko argi genuen lana nondik nora joatea nahi genuen, eta horrek erraztu egin du edizio lana ere.

 

Elkarrekin lan egiten jarraitzeko asmorik baduzue?

J. F.: Bai, noski! Oso garrantzitsua da lanean ulertzen zaituen norbait aurkitzea, eta osagarri izatea. Gauzak nahi dituzun eran kontatzeko edizioan lankide ona izatea ezinbestekoa da.

L. A.: Printzipioz bai. Topaguneak Benito Ansola sariak ere antolatzen ditu, ikusentzunezkoak egiteko laguntzak emateko, eta bertan aurkezteko intentzioa badaukagu behintzat. 

 

 


“Film laburraren amaiera muntatu genuen lehenengo”


Lagunagaz batera, lehiaketaren hirugarren saria jaso zuen Ander Lauzirika iurretarrak; ‘Zuhaitzaren eguna’ izeneko lana aurkeztu zuten Kameratoian 

 

\"\"

 

 

Zelakoa izan zen Gernika-Lumoko esperientzia?

 

Oso polita izan zen, nahiz eta grabaketa zaila egin zitzaigun. Lagun artean egin genuen: agertzen direnak lagunak dira denak.

 

Umoretik jo zenuten.

Bai, horrela ateratzen zaigu! (barrez) Gauza denei buelta ematea gustatzen zaigu, betikotasunetik ateratzen saiatzea.

 

Kritika kutsua ere badu?

Ez da logikoki pentsaturiko kritika bat, senari jarraituta egindakoa baizik. Baina egia da ironia ere badagoela...

 

Zelan landu zenuten?

Bertsolariek egiten duten bezala, amaiera pentsatu eta muntatu genuen lehenengo. Amaiera ulertuko dela ziurtatzen duzu horrela. Batzuetan gertatzen da, kronologikoki hasten zarela muntatzen, eta amaierarako tarte gutxi uzten duzula.

 

Zer uste duzu gustatu zaiola zuen lanetik epaimahaiari?

Uste dut normalean ordu eta erdiko fikziozko filmetan lortzen dena lortu dugula: istorio oso bat garatzea. Film laburretan gehienetan gauza gutxiago gertatzen da, eta gehiago lantzen da gauzak kontatzeko modua. Agertzen direnak baino irudi gehiago grabatu genituen, baina denbora muga dela-eta gauza batzuk kanpoan geratu dira. 

 

Honelako lehiaketetan parte hartu izan duzu lehenago?

Orain hiru urte inguru Elorrioko lehiaketara aurkeztu ginen Unai [laguna] eta biok. Aurrez ezer pentsatu barik joan ginen, eta ez genuen lanaren ez grabazio lana ezta editatzea ere amaitu. Estresante samarra izan zen, eta erabaki genuen hurrengorako hobeto pentsatzea.

 

Nondik dator zure ikus-entzunezkoekiko zaletasuna?

Arte Ederrak amaitu nuenean argazkigintzara hurreratu nintzen. Azken bi urteetan dihardut gehiago argazkigintza eta bideoari lotuta. 
 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!