"Seguru nago hainbat begirale dabilela Axier Intxaurragaren lana hurretik zaintzen"

Anboto 2012ko mar. 3a, 08:44

Behe-behetik hasi eta mailarik gorenean egonkortu den entrenatzaile moduan, ondo ezagutzen du bide malkartsu horretako gorabeheren berri. Horregatik, badaki segurutik Intxaurragaren lana ere ez dela oharkabean pasatuko. Osasunari eta bizi duen une gozoari buruz ere gustura dihardu

Behe-behetik hasi eta mailarik gorenean egonkortu den entrenatzaile moduan, ondo ezagutzen du bide malkartsu horretako gorabeheren berri. Horregatik, badaki segurutik Intxaurragaren lana ere ez dela oharkabean pasatuko. Osasunari eta bizi duen une gozoari buruz ere gustura dihardu.

 

Otsailean urtebete joan da Osasusan Camacho ordezkatu zenuenetik.

Iaz taldea sufritzen zebilen, eta azken hamabost partidetatik zortzi irabazita mailari eustea lortu genuen azkenean. Aurten taularen erditik gora ibili gara orain arte. Beraz, balantzea ona da, baina badakigu hiru partidatan egoera erabat aldatu daitekeela hain liga parekatuan.

 

Lehenengo itzulia postu erosoan amaitu duten taldeak sarritan ikusi ditugu ligako azkeneko txanpan sufritzen.

Niri ere horixe gertatu zitzaidan Valladolid taldeagaz. Hamar partida geratzen zirela, bat irabaztea nahikoa genuen salbatzeko, eta hiru berdinketa bakarrik lortu genituen, horietako bat azkeneko jardunaldian, gainera; Betisen aurka, jaitsiera euren edo gure artean zegoela. Justu-justu eutsi genion mailari.

 

Horri hedabideek eragiten duten presioa gehitu behar zaio.  

Horrelakoa da futbola, astero-astero azterketa bat izaten dugu. Irabaziz gero, Europara begiratu behar da, eta galduz gero txarrak gara. Entrenatzaileok badakigu mundutxo honek zelan funtzionatzen duen. Horregatik, gauzak normaltasunez hartzen ahalegintzen gara.

 

Presio horregaz guztiagaz aurrera egiten ikasi egiten da? 

Bai, ikasi egiten da. Jendeak uste du “partidaz partida joan behar dugu” esaldia bestelako helburuetan ez zentratzeko erabiltzen dugula entrenatzaileok, baina esaldi hori, berbaz berba, egia biribila da. Liga honetan, hiru-lau talde kenduta, besteok mailari eusteko adina puntu batu behar dugu lehenengo, eta ondoren hasi beste helburuetan pentsatzen.

 

Baina igartzen duzu zaleen artean ilusioa piztu dela?  

Zaleek ilusioa edukitzea gauzak ondo irteten dabiltzan seinalea da. Gu gara hankak lurrean eduki behar ditugunak, eta egoerari normaltasunez aurre egin behar diogunak.

 

Bartzelonak kanporatu zintuzten Errege Kopatik, baina itzuliko neurketa irabazi egin zenieten. Errezetarik bai Athleticentzat?  

Horretarako ez dago errezetarik, zoritxarrez. Bartzelonari irabazteko ez da nahiko norberak gauzak ondo egitea. Sarritan alderantziz izaten da; eurak fin ez dabiltzanean izaten dute aukeraren bat aurkariek. Aukera asko sortu ohi dute, eta ate aurrean kamuts badabiltza, orduan izaten dugu besteok min egiteko aukera.

 

Athleticen Durangaldeko hainbeste jokalari egotea (Amorebieta, Iturraspe, Castillo, Koikili eta Ustaritz) poztekoa da...  

Harro egoteko moduan gaude. Athleticen jokatzen duten bizkaitar gehienak Durangaldekoak dira. Lana ondo egiten dabiltzan seinale da. Gainera, eskualdeko gaztetxoentzat ere asko esan gura du horrek. Eredu moduan ikusten dituzte, eta auzoko bat Athleticen jokatzera heldu dela ikusita eurek ere ilusio bera izan dezakete. Motibazio hori inportantea izaten da gaztetxoengan.

 

Ez nioke inori presiorik sartu gura, baina Durangaldeko hurrengo Jose Luis Mendilibar Axier Intxaurraga izan daiteke?  

Gauza on asko egin ditu. Iaz Durangoko Kulturala play offetarako sailkatu zuen, eta aurten Amorebietagaz begiratu zelan dabilen. Askok uste zuten Amorebietak ezingo ziola maila horri denboraldi osoan eutsi, eta oraindino lehia betean sartuta dabil. Futbolean zortea ere behar da, baina dohainak bdauzka. Seguru nago bere lana ez dela oharkabean pasatzen ari, eta talde bat baino gehiago dabilkiola jarraitzen.

 

Baina zeuk esan duzun moduan, zortea ere behar da.  

Bai, eta horrez gainera, Euskal Herritik irtetea ere ez dator txarto batzuetan. Bizkaian Athleticek jasotzen du harreta ia osoa, Gipuzkoan Errealak… Zamoran, Salamancan edo antzeko talderen batean orain Amorebietagaz egiten dabilen lan berak oihartzun handiagoa izango luke. Garrantzitsuena zoazen taldea ondo aukeratzea da.

 \"\"

Beheko mailetan dabiltzan euskal taldeen partidarik ikusteko denborarik izan duzu?  

Ez askorik. Lemoa eta Eibarren partida bana ikusi dut.

 

Lemoa aipatu duzunez, larri dabiltza, kirol arloan ez eze, ekonomikoki ere bai.  

Arlo ekonomikoa da larriena, horri buelta ematea ez da-eta erraza izaten. Ez dakit zer gertatuko den, baina hain herri txikia hainbeste denboran bigarren B mailan egotea, denboraldi onak eginez, gainera, mirari txiki bat da eta errekonozimendua merezi du.

 

Nazioartean entrenatzeak ez zaitu tentatzen?  

Horretarako, zoazen estatuko hizkuntza dominatu beharra duzu. Futbola hizkuntza unibertsala dela diote, baina komunikazio naturalak asko laguntzen du. Ezeri ez diot aterik ixten, baina oraingoz ondo nago nagoen tokian.

 

Txirrindularitza gustuko duzu? Jarraitzen dituzu Ruben Perez zaldibartarraren ibilerak?  

Oso gustuko dut txirrindularitza, eta asko pozten nau Ruben Perez hor goian egoteak. Tourrean espezialista bihurtu dela ematen du; iaz maila handian ibili zen. Txirrindularitza oso disziplina gogorra da, eta ez da erraza onenekin ibiltzea; meritu handia du Rubenek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!