"Egun txarra badaukazu, piezan islatzen da"

Anboto 2012ko urt. 29a, 08:30
Keramika munduan esperimentatzen dabil zaldibartar hau. Astialdian lasaitasuna bilatzeko zein adierazteko darabil buztina esku artean

Keramika munduan esperimentatzen dabil zaldibartar hau. Astialdian lasaitasuna bilatzeko zein adierazteko darabil buztina esku artean. Herriko keramika tailerrean dihardu beharrean; baita irakasten ere. Interesdunak astelehen eta eguaztenetan, 18:00etatik 20:00ak arte dauka atea zabalik.

 

Zelan sortu zitzaizun keramikan lan egiteko grina?

 

Txikitatik gustatu izan zait eskulangintza, eta batez ere keramika. Eskolan hartu-emana izan nuen keramikagaz, eta aspaldi honetan berreskuratu egin dut. Nire arreba ere etortzen zen tailerrera, eta afizio legez hartzea pentsatu nuen; ordu libreak zer edo zertan igarotzeko modu bat da.

 

Zertan ipintzen duzu arreta?\"\"

 

Keramika esparru oso zabala da, teknika ugari dago. Ez naiz aditu bat. Raku izeneko teknika japoniarra lantzen dut, atmosfera erreduktorean eginiko tenperaturaren murrizketan oinarritzen dena. Nik eginiko labe batetik piezak gori-gori daudela ateratzen ditut, 1.000 gradura. Gero zerrautsetan sartu behar dira, keagaz. Estali eta ketu egiten dira piezak, forma zein kolore bereziak lortzen dira horrela.

 

Eta orain langintza erakusten hasi zara...

 

Langabezian egotera, gogo handiagoagaz hartu dut. Iaz hainbat azokatan parte hartu nuen, Raku metodoa zuzenean erakutsiz. Zaragozatik Domadores de fuego keramikarien topaketan parte hartzeko gonbita egin zidaten, eta jende asko ezagutu nuen. Hartu-eman horien bitartez, ezagutzak elkarbanatuz eta ikasten jarraituz, hazten joan naiz.

 

Zer ematen dizu, pertsonalki, keramikak?

 

Asko asebetetzen nau. Adierazpen mota bat da: egun txarra badaukazu piezan islatzen da. Momentu oso onak eman dizkit, eta jende asko ezagutu dut; lasaitasuna ere eskaintzen dit.

 

Azoketan-eta, jendeak interesa agertzen al du?

 

Normalean bai; batez ere, zuzeneko erakustaldietan, ez dira-eta ohikoak. Prozesu bitxia da, bisuala, suagaz, keagaz... Ordu baten edo biren buruan pieza zelan pintatzen den, zelan egosten den eta azken emaitza zein den ikusi dezakezu. Jendea unean bertan margotzera ere gonbidatu izan dut.
 

Musikagintzan ere egiten duzu zure saiakera, entzun dudanez.

 

Bateria jotzen dut Gari Rock elkartean. Noisex taldean ibilitakoa naiz, baita Durangaldeko beste batzuetan ere. Orain talde berri bat sortzen gabiltza zenbait “loria zahar” (barrez): Javi Rios MPBkoa, Itsaso Leaniz, Kuko eta ni neu. Udaberrian-edo hasiko gara kontzertuak ematen.

 

Artista zarela esan daiteke, beraz.

 

Inondik inora ere ez naiz artista kontsideratzen; artista asko dago solte. Beste barik, denbora librea igarotzeko modu bat da, kirolean dabilenaren, kakorratz-lana egiten duenaren edo ortura joaten denaren antzera. Beti gustatu izan zait eskuak lanpetuta eta errutina bat edukitzea. Hori bai, beharrean nabilenean eta jendea interesez hurreratzen denean motibazio handia sentitzen dut.

 

Keramika artea da, edozelan ere.

 

Bai. Gauza tradizional moduan hartu ohi da: etxeko tresnak, lauburuak... Keramikaren balioa, arte plastiko legez, aldarrikatu behar da.

 

Zaldibartarrak tailerrera hurreratzera gonbidatzen dituzue.

 

Denbora batez ezin izan dut behar den moduan lan egin; ez dut astirik eduki beharra dela-eta. Ia geldirik egon da tailerra azken urteetan, baina Paco Sanchezegaz batera eta udal korporazio berriaren bultzadagaz tailerra eraberritu dugu. Margotu egin dugu, udalak guri utzitako liburutegi zaharreko baldak ipini... Lokala eta aktibitatea mantentzea dugu helburu, zaldibartarrak tailerrera hurreratzeko. Dagoeneko hasi dira batzuk ikasten, tartean gaztetxo batzuk ere bai. Lehenago Carmen Perezek ematen zituen klaseak, baina aurrekonturik ez dagoenez, oraingoz neu nabil irakasle, Pacoren laguntzagaz. Herrian egiten diren hainbat ekimenetan ere, azoka mikologikoan zein gastronomikoan, esaterako, gure ekarpena egiten hasi gara langintza ezagutzera emateko eta jendea erakartzeko asmoz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!