Euskaltel-Euskadiko Ruben Perezek gaur hasi du Australian Down Under tourra eguzkiak ikaragarri berotzen duela.
Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldeak gaur ekin dio lehia ofizialari Australian, domekara arte iraungo duen Down Under tourrean. Gaurko lehenengo etapa André Greipel (Lotto-Belisol) alemaniarrak irabazi du sprintean.
Beroa protagonista nagusia izan da orain arte. Ruben Perez zaldibartarraren esanetan “beroak gauzak zaildu egiten ditu, ordu aldaketara ez ezik (+9.30 ordu) klima honetara ere egokitu behar dugulako gorputza”. Twitterrean argitaratu duten argazkia han bizi duten beroaren isla da: 46 graduko tenperaturan ibili dira txirrindulariak.
Lasterketari dagokionez Perezek barikuko etapa begiz jota du. Helmugarako 20 kilometroren faltan hiru kilometroko luzera duen mendatea gainditu behar dute, %8ko bataz besteko maldekin, eta berau pelotoi buruan pasatuz gero lasterketa lehiatzeko aukerak ikusten ditu: “Ez dut uste 50 txirrindulariko multzoa baino gehiago helduko garenik egun horretan eta aurrean ibiliz gero etapa lehiatzeko aukera ona izan daiteke”.
Down Under tourra amaitu ondoren 10 eguneko atsedena hartuko du Perezek eta ondoren Mallorkako kriteriuma lehiatuko du.