Lau t’erdiko txapela Ikaztegietara joan da eta binakakoak Bizkaian geratu dira. Olazar pilotalekua goraino beteta izan genuen 500 lagunetik gora batu zirelarik eta ETB-ko kamerak lekuko.
Partiduak politak izan ziren eta ikuslea oso gustora atera zen pelotalekutik. Emaitzei dagokionez Urretabizkaiak (Ikaztegieta, Gipuzkoa) Bilbaori (Ziburu, Lapurdi) 22-16 irabazi zion. Final hau Elezkano IIa zen jokatzekoa baina sorbaldako lesio bat tarteko Urretabizkaiak hartu zuen bere lekua.
Binaka, Altzelai (Arrigorriaga, Bizkaia) eta Diezek (Portugalete, Bizkaia) Yoldi (Uharte, Nafarroa) eta Arratibeli (Ataun, Gipuzkoa) 22-20 irabazi zioten.
Honenbestez aurtengo ekitaldia bukatu da eta hurrengoaren zain geratuko gara, XXV. edizioa alegia. Hori 2012ko udazkenetik aurrera izango da.