Lau t’erdiko bigarren finalerdian goi mailako ikuskizuna eskaini zuten Elezkano II.ak eta Urretabizkaiak. Zaratamoarrak tanto bakarraren aldeaz gailendu zen.
Olazar Pilota Txapelketako lau t’erdiko finala erabakita dago. Bilbao eta Elezkano II.a dira abenduaren 31n Zaldibarren lehiatuko diren gazteak. Joan zen eguenean jokatutako bigarren finalerdian zaratamoarrak 22-21 menderatu zuen Urretabizkaia gipuzkoarra. Partida zoragarria izan zen, bai emaitza aldetik eta baita joko aldetik ere. Dudarik gabe, txapelketako orain arteko partidarik onena. Berdinketa ugari eta buelta asko izan ziren markagailuan. Elezkanok bere ezkerrarekin eta eskuin bolea erabiliz egin zuen min eta Urretabizkaiak sakearekin eta arerioa batetik bestera mugiaraziz. Oso indartsu eta sasoiko azaldu ziren bata zein bestea. Azkenean, batek irabazi behar eta Elezkano izan zen saria jaso zuena.
Markagailua: 2-0, 2-1, 5-2, 5-5, 8-5, 8-10, 9-11, 11-11, 12-12, 14-14, 16-14, 16-16, 18-16, 20-17, 20-21, 21-21 eta 22-21.
Bizkaiko kluben arteko txapelketako finalak ere jokatu zituzten Zaldibarren. Gazte mailan Arrankudiagako Gonzalezek eta Ibarrondok 22-19 menderatu zituzten Markinako Albizu eta Pujana. Maila bereziko finalean Elezkano I.a eta Kantxo 22-19 nagusitu zitzaizkien Beitiari eta Galarzari.
Binakako finalerdi biak egunen honetan, 21:30etik aurrera jokatuko dituzte. Lehenengoan Yoldik eta Arratibelek Albaradoren eta Perezen kontra jokatuko dute. Bigarrenean Ezkurdiak eta Diezek Elezkano I.a eta Gorrotxategi izango dituzte arerio.