Atzo Zaldibarko pilotalekuan kantxaratu ziren sei pilotarietatik hiru Lapurdikoak izan ziren. Lau \'terdiko lehenengoan Bilbaok irabazi egin zuen; binakakoan Etxeberrik eta Alberdik galdu egin zuten partidu gogor batean.
Lehenengo partiduan Bilbao lapurtarrak 22-9 menderatu zuen Arrieta markinarra. Markagailuak alde handia adierazten badu ere tanto oso gogorrak jokatu zituzten gazte biek. Lapurtarrak min handia egin zuen sakez (zazpi guztira) eta hauspo aldetik ere hobeto ibili zen. Hala ere, piloteo gogorrak ikusi ziren.
Binakako partiduan Etxeberri eta Alberdi lapurtarrek galdu egin zuten Igorreko Arrese eta Markinako Kastilloren kontra (14-22). Hasiera gogorra eta erritmo handikoa izan zuen partidak. Gero Arresek bere ezker indartsuarekin zuloa zabaldu eta bizkaitarrek aldea hartu zuten. Partidaren erdialdera Etxeberri jokoan gehiago sartu eta gerturatzea lortu zuten lapurtarrek. Hortik aurrera lan asko egin behar izan zuen Alberdiren nekea nabari geratu zen eta bizkaitarrek garaipenerako bidea hartu zuten. Orohar, partidu polita suertatu zen, zaleen pilota gosea asetzeko modukoa.
HURRENGO JARDUNALDIA: URRIAK 13, 21:30EAN
Lau t\'erdian:
- Uriona (Markina) - Etxaniz (Gipuzkoa)
Binaka:
- Altzelai (Arrigorriaga) - Peñas (Nafarroa) / Beitia (Usansolo)-Irusta (Munitibar)