Denak faborito hastear dagoen Olazar txapelketan

Anboto 2011ko ira. 19a, 09:30

Binaka eta lau t\'erdian lehiatuko dira; kaiolan gaztetasuna da nagusi eta asko dira txapela jantzi dezaketen hautagaiak

Binaka eta lau t‘erdian lehiatuko dira; kaiolan gaztetasuna da nagusi eta asko dira txapela jantzi dezaketen hautagaiak.

 

Irailaren 22an hasiko den XXIV. Olazar Pilota Txapelketan ikuskizuna segurtaturik dago. Zaldibarko pilotalekuak aurten ere dohain handiko pilotari gazteen aldeko apustua egin du, eta lau t’erdian ez dago faborito argirik. Elezkano II.a, Jaka eta Mendinueta, esaterako, txapela janzteko hautagaien artean daude orain arte erakutsi duten mailagatik, baina Legorburu, Arrieta eta Galarza lako pilotarien jarduna ere hurretik jarraitzekoa izango da. Labur esanda, txapelketa parekatua itxaroten dute dakitenek.

 

Txapelketaren sistema kanporaketa bidezkoa izango da; irabazleak aurrera, eta galtzaileak etxera. Norgehiagokak eguenetan 21:30ean jokatuko dira, astero. Finalak abenduaren 31 arratsaldean jokatuko dituzte, urtero egiten den legez.

 

Datozen eguen bietan lau t’erdiko aurrefaseko sei neurketa jokatuko dituzte. Neurketa horietatik sei pilotari sailkatuko dira, eta aurrez antolatzaileek bereizitako beste zortzirekin batera 14 pilotariko txapelketa hasiko dute.
Binakako txapelketan ere luzea da faboritoen zerrenda. Iaz lau t’erdiko txapela jantzi zuen Ansotegik iazko binakako finala irabazi zuen Linzoainekin bikotea osatuko du. Linzoainen bizkartzain izan zen Yoldik, berriz, Arratibel gazteagaz —iaz Cafés Baquén nagusitu zen, buruz buru, kantxa osoan— jokatuko du. Azpiri eta Landaburu elorriarrek osatzen duten bikotea ere kontuan hartzekoa da. Azpirik aurtengo Mallabiko Biharko Izarrak txapelketako finala jokatu du. Elorriar biez gainera, Durangaldeak beste ordezkari bat izango du: Aldape mallabitarra; honek Garralda nafarragaz osatuko du bikotea.

 

Bitxikeria moduan, aipatzekoa da lau t’erdian gaur egun Aspen eta Asegarcen jokatzen ari diren Gorka Esteban eta Mikel Olaetxearen anaia gazteek parte hartuko dutela: Victor Esteban eta Iraitz Olaetxeak.
Datorren eguenean honako norgehiagokak jokatuko dituzte kaiolan. Galarza-Arrieta, Etxaniz-Olaetxea eta Otamendi-Arribillaga.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!