'Argazkilari begirada garatzeko argazki asko ikusten ditut'

Anboto 2011ko ira. 3a, 08:33

Iazko maiatzetik dihardu Jon Iriondo zaldibartarrak argazkigintza sakonago jorratzen; ordutik dauka Reflex kamera. Bere lana lehiaketara aurkeztu duen lehenengo aldian, Zaldibarko Argazki Rallyko lehenengo saria jaso du. Arlo teknikoa eta begirada gura du garatu Iriondok: \'Argazki ederrak ikusi eta egiteko gaitasuna\'

Iazko maiatzetik dihardu Jon Iriondo zaldibartarrak argazkigintza sakonago jorratzen; ordutik dauka Reflex kamera. Bere lana lehiaketara aurkeztu duen lehenengo aldian, Zaldibarko Argazki Rallyko lehenengo saria jaso du. Arlo teknikoa eta begirada gura du garatu Iriondok: “Argazki ederrak ikusi eta egiteko gaitasuna” .

 

Noiztik zabiltza argazkilari?
Ez pentsatu denbora asko daramadanik: nire lehenengo Reflex kamera orain urtebete pasatxo erosi nuen. Gogoa beti eduki dut, eta konpaktuagaz egin izan ditut argazkiak. Perretxiko zalea izan naiz beti, eta perretxikoei argazkiak egitea oso gogoko izan dut. Buruan neuzkan argazkiak kamera konpaktu batekin ezin nituela egin ohartuta erosi nuen nire lehenengo reflexa.

 

Zer kameragaz diharduzu?
Nikon D90 bat erosi nuen maiatzean. Oso esperientzia gutxi daukat argazkigintzan, analogikarekin ere ez daukadalako esperientziarik. Zaletasun asko eduki izan ditut, eta orain arte ez dut argazkigintzan jarduteko astirik izan.

 

Zaldibarko Rallyan parte hartu duzun lehenengo aldia izan da?
Iaz izan zen lehenengo aldia, baina anekdota berezia daukat iazkoari buruz: Ilargi elkarteko Delfinek animatu nituen parte hartzera, eta joan nintzen. Hartu nuen txartela eta hasi nintzen argazki batzuk ateratzen. Oso-oso urduri hasi nintzen ipintzen; txarto pasatzen nenbilen. Goizeko 11:00ak inguruan erabaki nuen kamera etxera ekartzea eta argazkirik ez aurkeztea. Jende artean argazkiak egiten oso nerbioso ipini nintzen.

 

Lanak aurkeztu dituzun lehenengo urtean irabazi duzu, beraz.
Bigarren honetan disfrutatu egin dut, gainera. Urte honetan kameragaz batera eta bestera ibili naiz, eta lasai ibili naiz. Irabazlea neu nintzela esan  zidatenean, sorpresa galanta hartu nuen.

 

Lanak entregatu zenituenean ez zenuen saririk itxaroten?
Disfrutatu egin nuen —ez nuen aurreko urtean legez txarto pasatu— eta horregaz pozik nengoen. Ez nuen ezer itxaroten. 

 

Teknika zelan lantzen duzu?
Oinarrizko argazkigintza ikastaroa egin nuen, baina, batez ere, Interneten ibiltzen naiz asko; teknika aldetik ez nekien ezer, eta asko irakurtzen dut. Kamera erosi nuenetik ere, argazki asko ikusten dut Interneten. Argazkilariak begiratzen jakin behar du; ezerezetik argazki eder bat ateratzeko begiak eta burua prestatu daitezke. Ez dut uste denateknika denik, eta horregatik argazkilari begirada hori landu gura dut batez ere. 

 

Araztasun handikoak eta ikuspuntu berezitik hartuak

Berrogei argazki egin zitzazketen Zaldibarko Argazki Rallyan parte hartu zuten hogeita hamarretik gora argazkizaleek; Ilargi argazki taldeko antola\"\"kuntzak emandako lau gaiei buruzko eta gai librerako sei  argazki aurkeztu zituen parte-hartzaile bakoitzak. 
Mutiko bat bizikletan eta lore baten makroa aurkeztu zituen Iriondok modalitate librean; teknikoki zailtasun handia dauka bizikletariarenak. “Zirkuluak; ogia; goitik behera; eta maisuaren etxea” izan ziren antolakuntzak emandako gaiak. Zirkulua gairako, kutxatila baten argazkia aurkeztea erabaki zuen Iriondok; araztasun handiko argazkia da, eta lehiaketaren epaimahaiak ere berezi iritzi zion.
Ogiaren argazkirako, ogia apurtu eta makroagaz egin zion argazkia, desenfokea landuz. 
\"\"Duela gutxi bota duten Zaldibarko maisuen etxeari egin behar zioten beste argazki bat; argazki horregaz ez ei dago Iriondo batere konforme: “Nota baxu-baxua izan zuen argazki horrek”.
Irabazi egin zuen Zaldibarko Argazki Rallya, baina. Bere buruagaz oso kritikoa da, eta “orain urtebete ontzat eman nezakeenagaz orain ez nago asebeteta”, diosku.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!