Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Jose Luis Mendilibar zaldibartarra Osasunako entrenatzaile berri moduan.
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Jose Luis Mendilibar zaldibartarra Osasunako entrenatzaile berri moduan.
Patxi Izco Osasunako presidentea eta Angel Martin kirol zuzendaria alde banatara zituela agertu zen atzo komunikabideen aurrera Jose Luis Mendilibar, Osasunako entrenatzaile berria. Geratzen den denboraldirako eta beste baterako sinatu du kontratua.
Zaldibartarrak klubak beragan ipinitako konfiantza eskertu zuen ezer baino lehen: \"Esker oneko nago nigaz gogoratu direlako eta egoera aurrera ateratzeko eta lehenengo mailan luzaroan jarraitzeko esperantzaz nator\". Osasuna entrenatzea \"ilusioz hartzen dudan erronka da\", adierazi zuen: \"Kanpotik ikusita Osasuna klub erakargarria da: azpiegiturak, futbol zelaia, hiria, zaleak… Gauza on asko ditu\".
Adierazi zuenez, taldea ondo ezagutzen du, hainbat bider ikusi duelako jokatzen: \"Lehenengo neuk egokitu behar dut taldera; eurak nigana ohitzea baino errazagoa da. Ahalik eta arinen egin beharreko prozesua da emaitzak lehen bait lehen lortu behar direlako. Igandean irabazi beharreko partidu bat daukagu\".
Mendilibarrek taldeak erakutsi beharreko dohaiak zerrendatu zituen: \"Kasta, borroka eta oldarkortasuna, dohai horiek ulertzeko errazak dira. Jokalari bakoitzak duen onena ateratzen saiatuko naiz, denon artean egin beharreko lana delako\".
Azkenik, Osasunaren orain arteko denboraldia aztertu zuen: \"Hemen bisitari legez jokatutakoa naiz eta hemendik puntuak urratzea asko kostatzen da. Aurten etxeko datuak onak dira, kanpokoak ez hainbeste. Beraz, etxeko martxa mantendu eta kanpokoa hobetu behar dugu\".