Pilotariak aldapa gogorrenei ekiteko prest Olazarreko finalera bidean

Anboto 2010ko aza. 15a, 10:07

Oro har, faboritoak heldu dira final-laurdenetara, eta horrek esan gura du Zaldibarko pilotalekuan ikuskizuna segurtaturik dagoela.

Olazar Pilota Txapelketa aurrera doa apurka-apurka, eta datorren eguenetik aurrera, lau jardunalditan, lau t\'erdiko eta binakako finalerdiak osatuko dituzte. Oro har, faboritoak heldu dira final-laurdenetara, eta horrek esan gura du Zaldibarko pilotalekuan ikuskizuna segurtaturik dagoela. Gipuzkoarrak eta nafarrak ordezkaritzarik zabalena izango duten final-laurdenetan elorriar bi ere ariko dira bikotea osatuz: Azpirik eta Landaburuk Garraldaren eta Untoriaren kontra jokatuko dute. Duten guztia ematen asmatzen badute, aurrera egiteko aukerak dituzte; bestela, komeriak, aurkariak ez direlako kamutsak. Untoria, esaterako, gaur egungo munduko txapelduna da. Binakako gainerako partiduak aztertuz, datorren eguenean Larrañaga eta Zabaleta dira faborito (azken hori Aspegaz hartu-emanetan dabil). Batez ere, Zabaletaren eskuinak erabaki dezake partidua; Yoldik eta Linzoainek irabaztaile sena dute euren alde. Azaroaren 25ean, aldiz, partidu berdindua dago aurreikusita, nahiz eta Jaunarenak -iazko lau t\'erdiko txapelduna eta Aspegaz hartu-emanetan dabilena- partidua desorekatu dezakeen. Lau t\'erdian, hilaren 18ko kanporaketan, txapelketak Ansotegi Mendinueta baino sasoi hobean harrapatu duela ematen du. Hilaren 25ekoan, Ezkurdia -iaz Cafés Baqué txapelketa irabazi zuena- da faborito; Etxeberria trinketetik dator eta ezkerra ez du hain arina. Amaitzeko, Jaka eta Elezkano II.aren artekoan ez dago faborito argirik.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!