Ruben Perez: "Taldea ilusionatuta eta gogotsu dago"

Anboto 2010ko uzt. 12a, 14:22

Astelehenean atseden eguna izan zuten Frantziako Tourrean eta Euskaltel-Euskadiko Ruben Perez Zaldibarko txirrindulariagaz egon ginen. Bere errendimenduagaz pozik dago eta taldea ere \"ilusionatuta eta gogotsu\" dagoela dio.

Astelehenean atseden eguna izan zuten Frantziako Tourrean eta Euskaltel-Euskadiko Ruben Perez Zaldibarko txirrindulariagaz egon ginen. Bere errendimenduagaz pozik dago eta taldea ere \"ilusionatuta eta gogotsu\" dagoela dio. Atseden eguna \"behar\" zuela aitortu digu Perezek. Ez da gutxiagorako; Tourreko etapak berez dira azkarrak eta nekagarriak eta, gainera, zaldibartarra ihesaldi bitan sartuta ibili da. Barikuan Mathieu Perget (Caisse d\'Espargne) eta Sebastian Lang (Omega Pharma-Lotto) txirrindulariekin ihes eginda ibili zen Tourreko etaparik luzeenean (227 km). \"Haizeak gogor eta aurretik\" jo zien, baina hiruen artean \"ondo konpondu\" zirela dio. Zoritxarrez Columbia eta Cavendish ez zeuden etapa erregalatzeko prest. Hurrengo egunean, bere asmoa ez zen beste ihesaldi batean sartzea, \"baina ia konturatu barik ihesaldi barruan aurkitu nintzen eta behin taldetxoa sortuta ezin nuen aukera pasatzen utzi\". Orduko horretan ere ezin izan zuen lasterketa lehiatu, tropelak harrapatu zituelako.

Samuel Sanchez bigarren

Domekako (uztailak 11) etapan Samuel Sanchezek bigarren amaitu zuen Andy Schlecken atzetik. Ia-ia helmugako marraren gainean gainditu zuen Luxenburgoko txirrindulariak: \"Nire ustez biak etaparen bila joan ziren. Bazekiten atzekoekiko ez zutela denbora handirik aterako eta garaipena zuten buruan. Schleck zuhurrago ibili zen azkenengo metroetan\". Hala ere, \"Samu aurrean ibili da etapa lehiatzen eta hori sintoma ona da\". Hemendik aurrera zer? \"Martitzenekoa taldeburuen etapa izango da. Hurrengoetan berriro gregarioek protagonismoa hartu dezakegu eta ihesaldietan sartzen saiatuko gara. Pirineoak ere laster datoz eta gure zaleen aurrean ibiliko gara. Ez dagoen tokitik ere indarrak ateratzen saiatuko gara\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!