Multzoburuak lehian sartu dira Olazar txapelketaren azken txanpan

Anboto 2009ko aza. 13a, 09:46

Atzo jokatu zen final-laurdenetako lehen jardunaldia, eta Azpiri elorriarrak ezin izan zuen aurrera egin, Albizu gipuzkoarraren aurka 8-22 galdu eta gero. Binakakoan, Gorka eta Merino errioxarrak nagusitu ziren estu-estu: 22-21.

XXII. Olazar Pilota Txapelketa une erabakiorretara iritsi da. Atzo hasi eta datozen aste bietan finalaurdenetako lehiak jokatuko dituzte. Multzoburuek txapelketari ekingo diote, eta, oro har, eurak dira faborito. Behetik datozenak, ordea, zerbaitegatik heldu dira dauden tokira, eta lanak emango dituzte.

Atzo jokatu zen final-laurdenetako lehen jardunaldia, eta Azpiri elorriarrak ezin izan zuen aurrera egin, Albizu gipuzkoarraren aurka 8-22 galdu eta gero. Kolore gabeko partidua izan zen. Binakakoan, Gorka eta Merino errioxarrak eta Renobales eta Gorrotxategi gipuzkoarrak izan ziren aurrez aurre. Lehenengoak nagusitu ziren estu-estu: 22-21. Norgehiagoka gogorra eta nekagarria izan zen atzelarientzat.

Datorren eguenean  Iñaki Larrinaga elorriarrak eta Idoatek Larrañaga eta Loiola izango dituzte aurrez aurre. Lehenengoak dira faborito, eta, ondo bidean, finala jokatzeko “aukera handiak” ikusten dizkio Enrike Agirrebeitia Zaldua Kirol Elkarteko Pelota Taldeko kideak. Lau t’erdian Zabaletak eta Aurtenetxek —honek Frontisek fitxatu berri duen Eneko Perosanz kanporatu zuen 22-21—  lehia irekia dute.

Hilaren 26an, Jaunarenaren eta Mendinuetaren arteko lehian, lehenengoa da faborito, kolpe biziago du, izan ere, baina lau t’erdian elkarren kontra jokatu zuten azkenengoan (Donostiako Antiguo Txapelketan) Mendinueta  nagusitu egin zitzaion. Binaka Onsalo Eta Galarragak Rico eta Keralten kontra jokatuko dute.

Finalaurdenetako azken partiduak San Andres Egunean jokatuko dituzte, hilaren 30ean. Garraldak Ansotegiren aurka jokatuko du lau t’erdian. Binaka Mendizabalek eta Iruretak Yoldi eta Lizoain izango dituzte aurkari. Partidu biak orekatuak izatea espero dute adituek.

Finalerdiak abenduaren 3an, 10ean eta 17an jokatuko dituzte. Finalak, binaka zein lau t’erdian, abenduaren 31n izango dira, urtero legez.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!