“Gazteek eredu moduan hartzen zaituzte eta hori barrura heldu zait”

Anboto 2009ko mai. 20a, 12:05

Bittor Iruleguik (30 urte, Zaldibar) Zaldua futbol taldean jokatu du 18 urtean, kimu mailatik nagusietara arteko maila guztiak pasatuz. Futbola uztea erabaki eta larunbatean jokatuko du azkenengo partidua Solobarrian.

Bittor Iruleguik (30 urte, Zaldibar) Zaldua futbol taldean jokatu du 18 urtean, kimu mailatik nagusietara arteko maila guztiak pasatuz. Futbola uztea erabaki eta larunbatean jokatuko du azkenengo partidua Solobarrian.

17 urtean jokatu duzu harezko zelaian eta belar artifizialeko berria estreinatu duzuen denboraldian erretiratu zara.

Orain urte bi ere uztekotan egon nintzen. Zelai berria probatu gabe ez nuen erretiratu nahi, baina lanak atzeratu egin ziren eta erabakia hartuta neukan. Baina taldeak entrenatzaile berria zeukan, adiskidea dut bera, eta laguntzearren jarraitu egin nuen. Eta jarraitu nuelako izan dut aurten zelai berria estreinatzeko modua. Orain, gazteei tokia izteko sasoia iritsi dela uste dut.

30 urterekin ez zara hain beteranoa ere.
Egia esan, azkenengo partiduetan konturatu naiz kontrako taldeko jokalari askok nire adina edo gehiago dutela. Talde konkretu batzutan asko nabaritu dut. Baina uzteko sasoia da. Gainera, betidanik gustatu izan zait txirrindularitza eta bizikletan trankil ibiltzeko denbora nahi dut. Izan ere, apur bat nekatuta nago; azkenean futbolak konpromisoa eskatzen du: entrenamenduak, partiduak… Txirrindularitza, berriz, hobby bat izango da.

Zer sentipen duzu azken partiduaren atarian?
Ez nuen espero hain arin etorriko zenik partidu hau, baina iritsi da. Ilusio eta gogo askorekin nago.

Klubari lotuta jarraitu nahi duzu? Entrenatzaile legez edo.
Argi daukat ezetz. Ez dut uste entrenatzaile izateko gaitasunik daukadanik; behintzat, ez dut neure burua entrenatzaile ikusten. Eskaini zidaten gazte mailako talde bat, baina ezetz erantzun nien.

Zelaian ez, baina harmailetan egongo zara?
Bai, duda barik. Ez partidu denetan, baina horixe etorriko naizena! Eta uzten badidate, entrenamendu batzuetara ere agertuko naiz, barruko ar hori baretzeko.

Asteburuak libre izango dituzu hemendik aurrera.
Ba bai, pentsatu izan dut horretan, nola bete asteburua. Baina beti dago zer egina, bata ez bada bestea. Mendizalea ere banaiz.

18 urte hauetako zein unerekin, irudirekin, geratzen zara?
Lehen Erregionalera igo genuen urtea oso polita izan zen. Azken jardunaldian etxean guk geure partidua irabazi bai, baina Berrizek berea galtzea behar genuen. Gure partidua lehenago amaitu zen eta bestea amaitu arteko minutuak ez ditut ahaztuko; jendea mugikorrekin deitzen emaitza jakin guran, denok urduri… Azkenean merezi izan zuen.

Beterano papera egitea ere egokituko zitzaizun gazteekin.
Bai, igarri dut gazte batzuk eredu moduan hartzen zaituztela eta hori barrura heldu zait.

Inolako damurik baduzu?
Ez, baina bai pena bat: bere sasoian pilota utzi izana. Beti gustatu izan zait. Berriro nerabea banintz, pilota aukeratuko nuen futbolaren aurretik.

Despedidarako gol bat?
Azken urteetan gol bat behintzat sartu izan dut denboraldiko. Hala ere, bi-hiru jokalarik taldeko pitxitxi izan nahi dute eta nire papera beste bat izango dela uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!