Austria Kalenjik atera da irabazle Futbito Maratoian

Anboto 2008ko uzt. 3a, 13:16
23 taldek parte hartu dute Zaldibarko Futbito Maratoian, ekainaren 27, 28, eta 29an. Arrakasta handia izan du aurten ere C.D Zalduak eta Zaldibarko Udalak elkarlanean prestatutako futbito sariketak.
Asteburuan burutu  da urtero jokatzen den Zaldibarko Futbito Maratoia, barikuko 19:00etatik domekako 18:00etara iraun duena. Deskantsu barik futbol partiduak izan dira eguneko edozein ordutan.

Austria Kalenji taldeko kideek lortu dute garaipena finalean, Makalister taldeari irabazita. Hirugarren postua Durangokoak taldeak eskuratu du eta laugarrenak Noventela ermuarrak izan dira. Ikusle asko bildu dira Zaldibarko polikiroldegian aurten ere. Urte asko daramatzate Zaldibarko Udalak eta Zaldua kirol elkarteak  sariketa antolatzen, eta hamairugarren edizioa izan da oraingoa, Durangaldeko 23 futbito taldek parte hartu dutelarik. Taldeek, 100 euroko inskripzioa ordaindu eta gero, 3 egunean zehar futbito partiduak jokatu dituzte. Ikusleek erakutsitako berotasunak giro paregabea jarri du futbolean ibiltzeko. Irabazleek 1.000 euro eraman dituzte, bigarrenek 600,hirugarrenek 350 eta laugarrenek 250. Beraz, beste urte batzuetakoekin alderatuta, nabarmen igo da sarien zenbatekoa; zehazki, %23.

 Sariaz gainera, trofeoa ere eman diete lehenengo lau sailkatuei. Zaldibarko lehen taldeari ere 250 euro eta trofeoa eman dizkiote. Sari gehiago ere eman dituzte: gol gehien egin duen jokalariari, gol gutxien jaso duen atezainari eta jokalari onenari. Epaileak federatuak izan dira Zaldibarko Maratoian.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!