Ozta-ozta eraman dute zaldibartarrek derbia

Anboto 2008ko mai. 15a, 12:38

Puntu bakarragatik irabazi zuten joan den asteburuan zaldibartarrek durangaldeko derbia. Anbotopeko Durangoko taldea zuten aurrez aurre eta orain arte zaldibartarrek maila dutela erakutsi duten arren, larunbatean ez ziren finegi ibili.

Puntu gutxiko partida izan zen. Erasoak oztopo ugari izan zituzten bi taldeek hasieratik eta defentsan bikain aritu ziren. Pronostikoek Julza Zalduari ematen zioten garaipena inolako dudarik gabe baina Anbotopekok bere aurpegi onena erakutsi zuen eta partida irabaz zezaketela argi utzi nahi izan zuen hasiera-hasieratik.
Zaldua konfidantza askorekin kantxaratu zen. Orain arte garaipen ugari eskuratu dituzte bigarren fase honetan eta lehen postua ziurtatuta zuten. Durangarrek ordea, zailago izan dituzte gauzak eta ez dute maila onegia eman denboraldi honetan. Hala ere, zaldibartarren lasaitasuna ederto aprobetxatu zuten. Grina biziz defendatu zuen Anbotopekok eta Zalduari ezusteko handia eman zion erasoan zailtasun handiak emanez. Azken laurdenera arte emozioa mantendu zen Zaldibarko kiroldegian. Edonork irabaz zezakeen eta azken saskiraketetan ezin zen hutsik egin. Baina Zalduak ederki asko egin zuen bere lana. Ozta-ozta baina beste garaipen bat patrikaratu zuen bigarren fase honetako txapela ia irabazita utziz. Anbotopekoko neskak ez ziren oso fin ibili azken minutuetan eta horrek partidu osoko lana bertan behera utzi zuen.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!