Lehenak azkena mendean

Anboto 2008ko api. 10a, 14:01
Anbotopeko durangoko nesken saskibaloi taldea bururik altxa ezinik dabil. Asteburuan ligaxkako lehenengoaren aurka jokatu zuen eta ez zen irabazteko gai izan. Eskas egon ziren durangarrak Zaldua indartsu baten aurrean baina azkenean aldea ez zen horrenbestekoa izan; 50-60 zaldibarkoen alde.
Aurreko jardunaldian Migmar Otxarkoagaren aurka galdu ondoren garaipen gosez ziren durangarrak baina ez zuten zorte handirik izan. Aurreko ligan ere estu ibili ziren Anbotopekoko neskak eta ligaxkan ere ez dabiltza finegi. Partidu bakarra irabazi dute eta azkenengo postuan dira. Sailkapenean gorago egotea gustatuko litzaieken arren, taldeko jende faltak eta entrenamendu urriek ez die besteen mailara egoteko aukera handiegirik ematen. Hala ere, saskibaloia gustuko duten neska talde bat direla erakutsi dute eta galdu arren, kirolaz gozatzen dutela. Asteburuan bigarren postuan dagoen Gernika Saskibaloi Taldearen aurka jokatuko dute durangarrek. Gogor entrenatu beharko dute irabazi nahi badute.
Zaldua ordea lasaiago dabil. Asteburuan Anbotopekori irabazi ondoren, ligaxkako hirugarren garaipena eskuratu zuen lehen postua ziurtatuz. Erasoan indartsu dabilen taldea da eta horren islada dira alde dituzten 158 puntuak. Asteburuan hirugarren postuan dagoen Boskozaleak taldearen aurka jokatu beharko dute zaldibartarrek. Zailagoa izango da garaipena lortzea.
Mutilak ozta-ozta
Tabirakoko mutilek bestalde, Zornotzaren aurka jokatu zuten eta azkenengo minutuan puntu bategatik galdu. Lesioek ez zieten batere lagundu Ixerbekoan jokatutako partidan eta sailkapenean ere beherakada pairatu dute. Horrela, azken aurreko postuan dira durangarrak, zornotzarren atzetik.
Tabirakoko neskek ostera, irabazi egin zuten UPV Alavaren aurka 54-65. Bostgarren postuan daude orain eta asteburuan lehen postuan dagoen Ibaizabal galdakaoztarren aurka jokatuko dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!