“Helmugara iristen den ihesaldiren bat harrapatzea itzela litzateke”

Anboto 2007ko eka. 28a, 14:11

Ruben Perezek (Zaldibar, 25 urte) lehenengoz korrituko du Tourra, Euskaltel-Euskadi taldeko elastikoa soinean daukala. Taldeari ahal duen guztian duintasunez laguntzea eta Eliseoko Zelaietako helmuga-marra zeharkatzea ditu helburu. Tourrera doala gogoratzen duen bakoitzean urduritu egiten da, baina ahazteko modurik ere ez dauka: “denek galdetzen dizute zelan zauden…”

Ruben Perezek (Zaldibar, 25 urte) lehenengoz korrituko du Tourra, Euskaltel-Euskadi taldeko elastikoa soinean daukala. Taldeari ahal duen guztian duintasunez laguntzea eta Eliseoko Zelaietako helmuga-marra zeharkatzea ditu helburu. Tourrera doala gogoratzen duen bakoitzean urduritu egiten da, baina ahazteko modurik ere ez dauka: “denek galdetzen dizute zelan zauden…”.

Tourra hasteko astebete falta denean, zer sentzazio dituzu gorputzean?
Gogoratzen ez badidate lasai nago, baina horri buruz berba egiten didatenean, urduritu egitenRuben Perez naiz, egia esanda.

Noiz eta zelan esan zizuten Tourrerako zerrendan zeundela?
Urte hasieran Tourrerako planetan sartzen nintzela esan zidaten, baina konfirmatu, Dauphiné Liberé itzulian konfirmatu zidaten zerrendan negoela.

Espero zenuen?
Urte hasieran esandakoarekin banekien aukerak nituela, baina ziurtatu zidatenean poz ikaragarria hartu nuen, bai.

Zer helburu dituzu Tourrean?
Haimar Zubeldia eta Mikel Astarloza sailkapen nagusirako eramango ditugu. Igor Antonek mendian eta Iñigo Landaluzek ihesaldiren batean etapak irabaztea izango dute helburu. Esprinetarako Isasi daukagu, baina ikusi egin beharko da klabikulako lesiotik nola errekuperatzen den. Besteoi lan egitea tokatuko zaigu;  lehen astean, beharbada, ihesaldiren baten sartzen saiatuko gara, etapa irabazteko esperantzarekin baino gehiago publizitatea egiteko… Gainerakoan, taldeari laguntzera! Taldekidei haizea kendu, ura eraman… Egin behar dena!

Taldeak ezarritako helburuetatik aparte, erronka pertsonalik badaukazu?
Badakit ihesaldietan saiatzea egokituko zaidala eta, behin irtenda, helmugara ailegatzen den batean sartzea itzela litzateke. Neure lana ondo bete eta ihesaldi on bat hartzea, hori dut helburu.

Gregario lana gogorra da; ikusten ez dena, gainera.
Hori da. Tropela ikusita jendea ez da ohartzen taldeak birendako lanean dabiltzala; bi eroso joan ohi dira eta besteak ez. Helmugara txikituta iristen zara, egunetik egunera gehiago, eta jendeak ez du zergaitia ulertzen.

Tourrean zerk sortzen dizu errespeturik handiena?
Guztiak, oro har: etapen gogortasunak, hiru asteko iraupenak, erritmo biziak… Denak topera omen doaz eta egun txar batek harrapatuz gero… komeriak.

UCIk txirrindulari guztioi sinatu araziko dizuen dokumentu horrekin Tourreko arreta osoa lasterketetan zentratzea espero duzue?
Txirrindularitzan arreta beti txirrindulariengan zentratzea gustatuko litzaidake. Dena doping-a dela ematen du, eta ez da horrela; ezta gutxiagorik ere. Oso kirol polita da, baina doping kontuek galbidera daramate.

UCIk hartutako neurria zer iruditzen zaizu?
Gehiegizkoa  iruditzen zait. Txirrindulariaren ibilbidea hamar bat urtekoa da, gehiagorik ez, eta horietarik bi kenduz gero, eta gainera soldata ere bai… Gehiegizkoa da, neure ustez.

Pirinioak euskaldunez lepo egongo dira. Zure familia, ezagunak… han izango dira?
Bai, badaukate joateko asmoa.

Luzaro egon beharko dute zu noiz pasatuko zain?
Ezetz espero dut (barreak). Segituan pasatzea gustatuko litzaidake, baina bat da nahi izatea eta bestea ahal izatea!

Nolakoa izan da zure denboraldia orain arte?
Ondo ibili naizela baina zorte txarra izan dudala uste dut. Valentzian ondo ibili nintzen; Paris-Nizan, ez dakit ondo zergatik, beherantz egin nuen nabarmen; gero, Euskal Herriko Itzulian, berriro ondo ibili nintzen, baina jarraian gaixotu egin nintzen. Ondorioz, Liege-Bastogne-Liege eta Amstel Gold Race klasikoak ezin izan nituen amaitu. Dauphinén ondo ibili naiz eta horrela jarraitzea espero dut.

Eskualdeko txirrindulari gazteentzako urte ona doa aurtengoa. Beñat Albizuri berriztarra Giroan ibili da, zu Tourrerako zaude…
Durangaldean beti izan da txirrindularitza harrobi ona, eta pozak ematen segitzea espero dugu.

Gainera, Albizurik eta zuk antzeko garapena izan duzue, ezta?
Bai, egia da. Gazteetan Iturriaga taldean izan ginen eta afizionatuetan Olarran; handik Orbeara joan ginen eta gero Euskatel-Euskadira. Biak batera beti. Elkarrekin entrenatzen dugu eta arratsalde askotan lagun moduan ere geratzen gara. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!