Euskarazko ereduen aldeko informazio kanpainia abian jarri da Zaldibarren

Anboto 2007ko urt. 29a, 15:18

2-3 urteko haurrak eskolaratzeko sasoia laster izango dela-eta, euskarazko ereduetan matrikulatzeko sentiberatze-kanpaina abian jarri dute Bizkaiko 43 udalerrik, horien artean Zaldibar eta Amorebieta-Etxano. Ekimena 15.500 familiari zuzenduta dago.

Ekimena 15.500 familiari zuzenduta dago, eta Zaldibarren eta Amorebieta-Etxanon zabaltzeaz gainera, udalerri hauetan ere egingo da kanpainia: Arrieta, Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Bilbo, Enkarterri, Erandio, Etxebarri, Fruiz, Galdakao, Gamiz-Fika, Getxo, Gordexola, Laukiz, Leioa, Maruri-Jatabe, Mungia, Muskiz, Sestao, Txorierri, Uribe Kosta eta Urduña.

Iaz bezala, 1 1=bi leloa ardatz hartuta, euskarazko ereduetan matrikulatzeak dakartzan onurak azaldu zaizkie 2-3 urteko haurrak dituzten gurasoei eta, batez ere, beste herrialde batzuetatik Euskal Herrira bizitzera etorri diren etorkinen familiei. Alkarbidek, Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak, koordinatu du kanpaina.

2006-07 ikasturteko datuak oinarri hartuta, Bizkaian, 42.726 ume matrikulatu dira haur hezkuntzan. Gehienak, 27.200 haur, D ereduan matrikulatu dira, 11.801 B ereduan, 3.323 A ereduan eta 402 X ereduan. Lehen Hezkuntzan 53.187 ikasle matrikulatu dira, 28.895 D ereduan; 16.236 B ereduan; 7.244 A ereduan eta 812 X ereduan.

Datu horiek aintzat hartuta, 2006-07 ikasturtean, ikasleen %7.77 baino ez da matrikulatu da A ereduan, %27.62 B ereduan eta %63.66 D ereduan, euskara hutsezkoan alegia.

Eleaniztasuna, emaitza hobeak ateratzeko bidea

Eskolaratze sasoian dauden haurren gurasoei banatu zaien liburuxka horretan, euskal hezkuntza sistemari buruzko informazioa, eta hainbat aholku eta gomendio jasotzen dira. Euskarazko irakaskuntzak etorkizunari begira dituen abantailak ere aipatu dira bertan, hala nola, bi edo hizkuntza gehiagotan hitz egiteko aukera, lan aukera zabalagoa edota kultura bat baino gehiago ezagutzeko aukera.

Gainera, bi hizkuntzaz aldi berean hitz egiteak dituen abantailen berri ere ematen da, bi hizkuntza erraztasunez ikasten dituzten ikasleek emaitza hobeak izaten baitituzte ikasle elebakarrek baino, eta halaxe erakusten dute hainbat herrialdetan egindako ikerketa pedagogikoek.

15.500 puzzle opari

Kanpaina honetan hainbat liburuxka banatu dira, eta euretan gure hezkuntza sistema osatzen duten ereduei buruzko informazio zabala eman da. Horrekin batera, udal bakoitzeko udal arduradunak sinatutako gutuna eta eskolan hastear dauden umeentzako oparia ere banatu dira; aurten 1 1=bi leloa daraman puzzlea jaso dute umeek euren etxeetan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!