Euskararen kaleko erabileraren neurketaren emaitzen harira

Anboto 2007ko urt. 15a, 13:27

Herritarrek euren eguneroko hartu-emanetan zein hizkuntza baliatzen duten aztertzea izan da helburua, eta metodoa barriketaldiak entzun eta datuak biltzea; ondoren etorri da zenbatekoak eta portzentajeak aztertu eta kaleratzea.

Kalean pasiatzen, jolasean, lanean edo denbora-pasan ibili diren zaldibartarrei adi-adi entzunez osatu dute iazko, 2006. urteko, euskararen kaleko erabileraren azterketa Zaldibarren. Herritarrek euren eguneroko hartu-emanetan zein hizkuntza baliatzen duten aztertzea izan da helburua, eta metodoa barriketaldiak entzun eta datuak biltzea; ondoren etorri da zenbatekoak eta portzentajeak aztertu eta kaleratzea. Ikerketa burutzeaz Soziolinguistika Klusterra arduratu da, eta urte berriarekin batera plazaratu dute.

Datu horietan oinarrituta, herrian euskararen egoera zein den ezagutzea da asmoa, gero, hartu beharreko neurriak hartzeko. Izan ere, askoren ustez, kalean entzuten denak irudikatzen baitu hizkuntza baten egoera: zenbatek darabilten garrantzitsuagoa omen da, zenbatek dakiten baino. Uste horretakoa da Karlos Olabarria udaleko euskara zinegotzia ere. Haren hitzetan, euskararen normalizazioa lortzeko, “erabiltzen ez badogu, jai daukagu”. Urteetako esperientzian oinarrituta, Olabarria gehien arduratzen duena ume eta gazteen erabilera eskasa da. Ardura horrekin, eta neurketak azaleratu dituen datu negatiboak begibistan izanda, euskarak herrian bizi duen egoeraren inguruan ikuspuntu ezkorra barik, “baikor informatuarena” daukala esan digu, oso ondo ezagutzen baitu egoera: gazteek eskolan euskaraz egin arren, eskolatik kanpora gaztelerara jotzen dute. Eta hain zuzen ere, gazteenengan indarra egiteko jarri dau abian udalak Zapatublai.

Neurketaren emaitzak kontuan hartzekoak iruditzen zaizkio herriko euskara elkarteari ere, Eixuren aburuz be nondik jo adierazten dute ateratako ondorio nagusiek. Garazi Burgoak Eixu Euskara Elkartearen izenean esan digunez, halako emaitza eskasak harritu egin ditu; Zaldibarren, emaitzak agerian uzten duten baino jende gehiagok daki euskaraz, eta ez erabiltzea “borondate falta” dela azpimarratu dute. Datuak sakonago aztertu artean hausnarketa pertsonala egitera bultzatu ditu zaldibartarrak.

Hizkuntzaren erabilera bezalako aldagaiak alderatzeko denbora tarte luzeagoa behar dela aitortu du Olabarriak, eta, hemendik 5 edo 6 urtera konparazioak balio handiagoa izango duela; hobetzen aurten hasita baina.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!