Otxandio, Ubide eta Legutioko lurretan eraiki behar zuten Kastillo parke eolikoaren proiektua ezingo dute gauzatu, horretarako ingurumen-baimenik ez dutelako lortu. Plaury Energy enpresak sustatutako parke eolikoaren proiektuak eta hari lotutako azpiegiturek ingurumenean izango duten eragina arrazoitu du Jaurlaritzako Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasun Sailak otsailaren 9an emandako ebazpenean. Halaxe eman du jakitera Otxandioko Udalak.
Proiektuaren izapidetze-prozesuan, Otxandioko Udalak eta hainbat herritarrek alegazioak aurkeztu zituzten, ingurumenari eta lurraldeari lotuta izan zitzakeen eraginei buruzko kezkak azalduz. "Inposaturiko" proiektua geldiarazteko Kastillo Bizirik Koordinadora sortu zen 2024an.
Kastillo Bizirik
Plaury Energy enpresak landutako proiektuak 85x25 metroko oinarria izango zuten hormigoizko plataformak eta 200 metroko lau aerosorgailu eraikitzea aurreikusten zuen. Halaxe eman salatu zuen askotariko subjektu soziopolitikoak batzen zituen ekimenak. Proiektuaren aurka 1.000 alegazio baino gehiago eta 800 sinaduratik gora batu zituzten.
Kastillo parke eolikoa bezalako proiektuek "gutxi batzuen interesei" erantzuten dietela salatu zuen orduan Kastillo Bizirik Koordinadorak, "energia berriztagarrietan espekulatzeko eta haiekin negozioa egiteko aukera ikusten dutelako".