"Inposaturiko" parke eolikoa geldiarazteko Kastillo Bizirik Koordinadora sortu dute

Anboto 2024ko mai. 28a, 12:28

'Berriztagarriak bai! Negozioarik ez!' lelopean elkarretaratzea egin zuten maiatzaren 25ean, Otxandion.

Otxandio, Ubide eta Legutioko lurretan aurreikusi duten Kastillo parke eolikoa bezalako proiektuek "gutxi batzuen interesei" erantzuten dietela salatu du Kastillo Bizirik Koordinadorak, "energia berriztagarrietan espekulatzeko eta haiekin negozioa egiteko aukera ikusten dutelako". Askotariko subjektu soziopolitikoek osatzen dute ekimena Otxandion aurkeztu zuten joan zen asteburuan. 

Ubide, Otxandio eta Legutioko lurretan aurreikusita dagoen Kastillo parke eolikoaren proiektua geldiarazteko, Kastillo Bizirik Koordinadora sortu dute. Askotariko subjektu soziopolitikoek osatzen dute ekimena eta "inposaturiko" proiektua bertan behera uztea dute helburu. Salatu dutenez, "proiektu hauek gutxi batzuen interesei erantzuten diete, energia berriztagarrietan espekulatzeko eta haiekin negozioa egiteko aukera ikusten dutelako. Tantsizio energetikoaren legeak bultzatutakoak proiektua dira gainera, eta Europako Next Generation funtsekin lotura zuzena dute. Ondorioz, enpresek energia berriztagarrietan kapitala sortzen jarraitzeko bitarteko bat ikusten dute eta ez klima larrialdiari aurre egiteko konponbide bat". 

Plaury Energy enpresak sustatutako Kastillo parke eolikoaren proiektuak 85x25 metroko oinarria duten hormigoizko plataformak eta 200 metroko lau aerosorgailu eraikitzea ekarriko duela jakin eragin du Kastillo Bizirik Koordinadorak. "Otxandioko eliza baino lau bider altuagoak izango diren errotak eta herriko plaza baino handiagoak izango diren hormigoizko plataformak". Ubidetik metro gutxira 120 metroko altuerako dorre meteorologiko bat ere aurreikusten dela ere nabarmendu dute. "Azpiegiturak 164.400 metro koadroko lur-eremu publikoan izango du eragina eta 250.000 metro kuboko lur-mugimendua suposatuko ditu, hau da, zortzo futbol-zelai eta 27.000 kamioi baino gehiagoko lur-erauzketa".

1.000 alegazio eta 800 sinadura baino gehiago

Kastillo Bizirik koordinadorak proiektuaren inguruko informazioa zabaldu du hainbat herritan. Halaber, 1.000 alegazio baino gehiago eta 800 sinaduratik gora batu ditu Kastillo proiektuaren aurka. "Hala ere, proiektua antolakuntza bateratuaren bidez geldiarazteko beharra identifikatu dugu, horrela Ubide, Legutio eta Otxandioko herrien arteko koordinadora sortuz", azaldu dute.

Kastillo Bizirikek proiektua "bere osotasunean geldiaraztea" du helburu, "eta ez tokiko interesen arabera birformulatzea edo aldatzea". Hartara, "antolakuntza garden bat bultzatu" gura dute, "interes alderdikoietatik urrun". ldo horretatik, azaldu dutenez, "krisi ekologikoak gizartearen alderdi guztiak zehazten dituela ulertuta, eztabaida eta hausnarketa esparruak sortzea beharrezkoa ikusten dugu". Horretarako, Kastillo bezalako makroproiektuen izaera ulertzea oinarrizkoa dela uste dute. " Izan ere, larrialdi klimatikoak sortzen dituen arazoei aterabide bat ematea bilatu beharrean, kapitalismo berdez mozorrotutako onura pribatuaren hazkundea soilik bilatzen dute". Kastillo Bizirik koordinadora antolatutako ekimenetan parte hartzera eta antolatzera deitu dituzte herritarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!