Hiru asteburu eta hiru garaipen. Zelan zaude, Aitor? Esan daiteke zure sasoirik onenean zaudela?
Egia esanda, oso pozik nago lorturiko denagaz. Nire sasoi puntuari dagokionez, beti izan dut antzekoa. Baina esan beharra dut burua hobeto dudala batzuetan beste batzuetan baino. Gaur egun pozarren bizi naiz eta horrek asko laguntzen du. Korrika egitea beste plano batean geratzen denean, errazago lortzen ditut emaitza onak.
Iaz Arrazolako plazan, bertikalean bigarren postua lortu eta gero, zuretzat Anboto berezia zela esaten entzun genizun, eta beste garaipenen bat aldatuko zenuela Anbotokoa lortzearren.
Artzaina naiz eta ardiak beste bailaran ditugu, Anbotoren beste aldean. Otxandiokoa izanda, Anboto mendia hur-hurran dugu. Gainera, 17 urtegaz etorri nintzen lehenengoz Anboto Kilometro Bertikalean parte hartzera, eta dagoeneko 27 ditut. Ia edizio guztietan parte hartu dut eta halakoetan kariño berezia hartzen diezu lasterketei. Hainbeste bider parte hartu eta gero, bertan inoiz ere ez nuela irabaziko pasatu zitzaidan burutik. Bajatzen hobeto moldatzen naiz igotzen baino, baina tira, azkenean lortu dut garaipena. Hainbeste garaipen ere ez dut, baina dudarik barik edozein aldatuko nuen Anbotokoagaz.
Esan duzu ez direla asko izan, baina lehengo astean garaipen garrantzitsu bat lortu zenuen. Skyrunner World Series zirkuituko Gorbeia Suzien lasterketa irabazi zenuen Zeanurin. Lasterketa hasi aurretik, jende askoren kinieletan agertzen zen zure izena. Zuk hor aurrean ikusten zenuen zeure burua?
Normala da estimatzen nauen jendearen kinieletan gorengo postuetan egotea. Baina lasterketa horretan nik neuk ere ikusten nuen neure burua lehenengo postuetan, baina tira, irabaztea ez dago beti norberaren eskuan. Ez dakizu beste lehiakideak zelan egongo diren. Gorbeia Suzien proban neure onena eman nuen eta horrek irabazteko balio izan zidan. Ezin dut gehiago eskatu.
Zeanuriko proban argi utzi zenuen disfrutatzen zenbiltzala. Une batzuetan agur keinuak ere egin zenizkion kamerari, irribarretsu. Baina, aldi berean, oso kontzentratuta zindoazela erakutsi zenuen.
Halako keinuak hasieran egin nituen batez ere. Amaiera aldera, ez nengoen keinuetarako; atzera begira joan nintzen, baten bat ba ote zetorren ikusteko. Baina pozarren aritu nintzen, bai. Horrelakoa naiz. Disfrutatzen dudanean, neure onena ematen dut. Ez kirolean bakarrik, bizitzako arlo guztietan. Hainbeste urteren ondoren, lortu dut lasterketetan poz hori erakustea. Gorbeian itzelean sufritu nuen, azkenengo hogei minutuetan batez ere, baina eustea lortzeko kapaz izan nintzen.
Kepa Larreari eskaini zenion garaipena. Zer da zuretzat Kepa?
Kepa Larrea lagun handi bat da, familiako laguna betidanik. Hasi nintzenean berak lagundu zidan entrenatzen. Orain beste entrenatzaile bat (Beñat Agirreurreta) dudan arren, urte askoan Kepak entrenatu nau. Gauzak irteten ez zirenean, konfiantza itzela transmititzen zidan. Eta, gainera, ezeren truke eskaini dit bere denbora, eta hori itzela da. Horrek asko betetzen du.
Hemendik aurrera, zer? Baduzu lasterketarik begiz jota?
Ikusiko dut, baina oraingoz ez dut lasterketa askorik buruan. Lasterketetan parte hartzeak asko betetzen nau, baina egunerokotasunean mendian ibiltzea dut batez ere gogoko. Disfrutatzen jarraitu gura dut, horixe delako garrantzitsuena.