Peio gogoratu eta ELA gizarteratzeko asteburua

Joseba Derteano 2025ko mar. 21a, 11:00

Koikili Lagunartearen 10. urteurreneko jaiko irudia, 2018an. Peio Magunazelaia omendu zuten.

Otxandioko Koikili Lagunarteak hainbat ekintza antolatu du asteburuan ELA Alboko Esklerosi Amiotrofikoa gaixotasuna gizarteratzeko. Horregaz batera, lagunartearen sortzaileetarikoa izan zen Peio Magunazelaia gogoratutako dute. Hain zuzen ere, Magunazelaiak ELA gaixotasuna pairatu zuen urte askoan. 

Azken urteetan, kirola aitzakia hartuta, Koikili Lagunarteak hainbat ekintza antolatu du zenbait gaixotasun gizarteratzeko. "Lagunartean arlo sozialean eragitea garrantzitsua iruditzen zaigu", azaldu du lagunarteko kidea den Javier Lertxundik. Oraingo hau, baina, desberdina izango da. Ekintza konkretu bat barik asteburu osoko programa osatu dute, eta jarraipen bat eman gura diote. "Ahal bada, urtero antolatzea gustatuko litzaiguke, edo urte birik behin", adierazi du Lertxundik. 

Ekimenari Peio Magunazelaia Memoriala izena ipini diote, eta, hain zuzen ere, lagunartearen sortzaileetarikoa izan zenak pairatutako gaixotasuna gizarteratzeko mahai-inguru bategaz ekingo diote egitarauari, zapatuan. Adela federazioko mediku profesionalek eta gaixotasuna modu batera edo bestera sufritu duten Otxandioko familiek parte hartuko dute bertan. Itxaso Quintana aktoreak gidatuko du mahai-ingurua.

Vulcano vs Athletic Club
Domeka goizean futbolaren inguruko haur jolasak egongo dira Zelaieta futbol zelaian. Ekimena Julen Axpe esatariak dinamizatuko du. Ondoren, Otxandioko Vulcano eta Athletic Clubeko beteranoek lagunarteko partidua jokatuko dute. Koikili Lertxundi izango da jokalarietariko bat. Besteak beste, Beñat Etxebarria, Markel Susaeta eta Raul Garcia jokalariak joatea espero dute. Partiduan zehar zozketak egongo dira: Athleticen kamiseta, memorialerako beren-beregi egindako kamiseta, baloi bat…

Eguerdian futbol zelaitik plaza nagusira aldatuko da jaia. Bertan, babarrunak sakramentuekin edo txingarretan egindako Eusko Labeleko pintxoak (oilaskoa eta txerrikiak) dastatzeko aukera egongo da. Otxandioko Urbiribil dultzainero taldeak eta Arrasateko Sanbamaña batukada taldeak girotuko dute bazkalordua. 

Asteburuko ekimenagaz baturiko dirua gastuak  estaltzeko erabiliko dute. Irabazirik balego, Adela federazioen elkartearentzat izango da, antolatzaileen esanetan.

EGITARAUA

Azken urteetan, Koikili Lagunarteak hainbat ekimen antolatu du gaixotasunak gizarteratzeko eta haien bozgorailu izateko. Asteburuko ekintzak marko horretan kokatzen dira. Aurrera begira, urteroko hitzordu bihurtzea da lagunartearen nahia.

MARTXOAK 22

18:00 ELAri buruzko mahai-ingurua, Otxandiko kultur etxean. ADELA mediku taldeko profesionalak eta Otxandioko familietako kideak. Saioa Itxaso Quintanak gidatuko du. 

MARTXOAK 23

11:00 Futbolaren inguruko haur jolasak, Zelaieta futbol zelaian. Julen Axpek dinamizatuko ditu.

12:00 Beteranoen arteko partidua: Vulcano K.E. / Athletic Club

14:00 Jan-edana, Otxandioko Plaza Nagusian. Babarrunak sakramentuekin eta Eusko Labeleko pintxoak. Txartelak tokian bertan erosi daitezke, 2,5 euroan. Otxandioko Urbiribil dultzainero taldeak eta Arrasateko Sanbamaña batukada taldeak girotuko dute. 

16:00 Jaiak Otxandioko kaleetan zehar jarraituko du.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!