Javi Axpe Acera (Otxandio, 1976) Otxandioko ostalaria eta dendaria da, Danoena tabernako arduraduna. Ogia, prentsa, bizikleta elektrikoen alokairua eta beste zerbitzu batzuk batzen dituen estanko bat ere badu herrian.
Zelan hartu duzue jaietako pregoia irakurtzeko gonbita?
Ilusioz hartu dugu. Herrikoak izanda, oso polita da. Denon artean prestatuko dugu.
Tabernari askori jai egitea barik lan egitea egokituko zaizue.
Beharbada baten bat ezingo da balkoira igo, lanean egongo delako! (barrez). Bizi osoan lan egin dut gauez jaietan, eta lo egunez. Aurtengoak nire 30. santamañak izango dira tabernan.
Urteurrenak ez du jaietan parranda bat merezi?
Sekula ere ez naiz parrandazalea izan. Zapatuan parrandan joateko esaten badidate ere, seguruenik gurago izango dut barra barruan geratu, urteak ere gorantza doaz eta! Asko gustatzen zait nire lana, eta, tira, barra atzean ere gozatzen ditut jaiak.
Hasi zinenetik hona asko aldatu da tabernetako panorama?
Asko aldatu da, bai. Lehen, jaietan, zein orokorrean, gauez irabazten zen dirua. Orain, jaietako zapatu gaua kenduta, egunez lan gehiago egiten da. Asko begiratzen zaio eguneko zerbitzuari. Esaterako, eguerdiko poteoa zoramena izaten da. Eguneko lanari eragin dion faktore bat terraza da. Orain 20 urte, ez zegoen terrazarik Otxandion, errepidea aurre-aurretik pasatzen zelako. Terrazak daudenetik, plazan hobeto lan egiten dugu. Otxandion zorte handia dugu, bizi handia dagoelako kalean. Jendea kaletarra da eta tabernek bizi handia dute Otxandion.
Zelan ikusten duzu komertzioen egoera?
Otxandion komertzioak beherantza doazela ikusten dut. Jendeak saltoki handietan egiten ditu erosketak, urrun egonda ere. Esate baterako, gazteak asteko erosketak eginda etortzen dira lanetik. Baina ez da Otxandioko kontua bakarrik. Pena da, baina munduak bide hori hartu du. Horrez gainera, jendea ez dago prest komertzio bat izateko, jendeak ez du autonomo izan gura. Ondo joanda ere ez luke gura. Nik ondo doazen negozio bi ditut, baina oso esklaboak dira, beti gainean egon behar duzu eta. Urtean hamabost egunez hartzen ditut oporrak.
Turismoa gehigarri bat da?
Jaiak kenduta, tabernan eta dendan abuztua da hilerik onena. Pisu turistiko bat dut estanko gainean, iaztik, eta irailera arte beterik daukat. Turista asko etortzen da Otxandiora, Euskal Herriaren erdian dagoelako; leku aproposean, Bilbora, Donostiara zein Gasteizera joateko.