Hiru urtetik hona Padilla gaztandegiaren ardura duzu. Zerk eraman zintuen erabaki hori hartzera?
Betidanik lan egin dut familiako ustiapenean. Ordu libreetan, asteburuetan osabari lagundu diot beti gaztandegian, kalean neure lana nuen arren. Osaba bakarrik zegoela ikusita, eta ustiapena gainbehera zihoala, gaztandegian erabateko ardura hartzea erabaki nuen, proiektua sendotu eta aurrera begira proiektu berriak bultzatzeko. Orain gazta ondua egiten dugu, baina beste gazta batzuk ere egin gura ditugu. Epe laburrera, gazta ketua aterako dugu.
Erabaki gogorra izan zen?
Ez zen erabaki gatxa izan. Aldaketen aurrean beti sortzen dira zalantzak, baina guztiz asmatu nuen. Oso pozik nago egiten dudan lanagaz; orduak, egunak eta asteak ia konturatu ere egin barik pasatzen dira.... Hau da benetan gura izan dudana beti.
Beraz, Andoni Padilla osabaren lekukoa hartu duzu gaztandegian.
Bai, osaba neure esku dabil uzten dena. Biok lan egiten dugu gaztandegian, baina ardura guztiak neure esku utzi gura ditu. Gauza berriak aurrera atera guran gabiltza, amaren ezinbesteko laguntzagaz. Aitita hasi zen gazta egiten, eta gero osabak eta amak jarraitu dute. Orain neuk hartu dut ardura, baina eurak ere hor daude.
Gaztandegia aurrera bakarrik eramatea ez da erraza izango.
Egin, egin liteke, baina ordu asko eskatzen du. Ganadua, gaztandegia, artaldea... pertsona bakarrak dena egitea oso gatxa da. Bada, gaztaren komertzializazioaz ama arduratzen da. Bere laguntza oso baliagarria eta garrantzitsua da momentu honetan.
Zelako artaldea daukazue?
Ardi latx muturbeltzak dauzkagu, 400 bat buruko artaldea. Bertako arrazaren aldeko apustua egiten dugu beti. Inguruko orografiara hobeto egokitzen delako eta horrenbeste denboran akuiluan egon barik produkzio duin bat ateratzeko gai delako. Oso kontuan hartzen dugu ardien ongizatea, horrek ardi-esnearen kalitatean eragina du eta. Artaldeaz gainera, okeletarako 25 behi ere badauzkagu. Txahalak hazten ditugu, gero okela sortetan saltzeko. Inguruko herritarrei saltzen diegu.
Denak gobernatzea ez da erraza izango.
Ez da gatxa, baina dedikazioa eskatzen du. Askotan egunak ez du nahikoa ordu lan guztiak egiteko. Baina bizitza pertsonala ezin da albo batera utzi. Biak uztartu behar dira, bestela eguneko 24 orduak baserrian lanean egon zintezke, urten ere egin barik. Abuztutik urtarrilera malgutasun handia dugu eta oporrak hartzeko aukera ere badugu, ondo antolatuz gero.