“Indusketan aurkituriko dorretxea Pedro de Abendañorena izan daitekeela uste dugu”

J.G./J.D. 2022ko ots. 25a, 09:30

Otxandioko plaza eraberritu aurretik, Belen Bengoetxea arkeologoa buru duen taldeak indusketa egin du bertan, azpian zer egon daitekeen aztertzeko. Aurreko azterketa batean aurkituriko X. mendeko herrixkaren arrastoez gainera, geroagoko dorretxe baten arrastoak ere aurkitu dituzte. Hiribilduaren sorrera ezagutzeko oso lagungarriak diren ondorio garrantzitsuak atera dituzte.

Indusketa hauetan topatu duzue ezer berririk?
Aurreko indusketan aurkitu genuen herrixkaren arrasto gehiago aurkitu dugu. Etxola ondoak dira, lurrean, buztinean eta arrokan daudenak. Horrelakoetan gertatzen den moduan, postezulo asko eta oso ezberdinak aurkitu ditugu. Gainera, poste-zulo horiek adierazten dute okupazio hori oso intentsiboa izan zela: poste batzuk kendu eta beste batzuk sartu zituzten ondo-ondoan. Kontuan izan, zurezko posteak usteldu egiten direla.

Zein sasoitako herrixka izan daiteke?
Aurreko okupazioa zaharra zela ikusi genuen, baina oraingoan datazio radiokarbonikoak ditugu eta data zehatz batzuk ipintzeko moduan gaude. Horren arabera, lehenengo okupazioa X. mendekoa da. Sasoi horretako estratuak ez dira oso potenteak. Badakigu hor zeozer egon zela. Baina aurreko etxolatxoko posteak XI. mendekoak dira gehienbat. Beraz, sorrera X. mendekoa izango zen, eta garapena XI. mendetik aurrerakoa izan daiteke.

Zelako bizimodua izango zuten herrixka horretan?
Badakigu herrixka formako habitata izango zela. Nekazarien habitat bat, material xumeekin egindakoa, baina nahiko zabala izango litzateke. Gaur egun plaza dagoen inguruan kokatuta. Seguruenik, herrixkatxo horrek bere elizatxoa edo ermita izango zuen. Zelan dagoen kokatuta kontuan hartuta, gaur egungo Santa Marina eliza non dagoen ikusita, eta eliza hiribilduan sartuta ez dagoela kontuan hartuta, hipotesi modura uste dugu eliza zaharraren arrastoak gaur egungo elizaren azpian egon daitezkeela.

X. mendeko herrixkaz gainera, beste aurkikuntza garrantzitsu bat ere egin duzue.
Hasieran, ez genekien zer geneukan esku artean. Indusketa honetan lubaki bat, hobi bat agertu da, dorre bati dagokiona. Hobi edo lubaki hori bete egin zen geroago. Seguruenik, XIV. mendean egingo zuten. Bertan, gaur egun plazaren eta bolatokiaren inguru horretan, dorretxe bat egongo zen.

Zeintzuk dira hobi horren ezaugarriak?
3 metroko sakonera eta 5 metroko zabalera du. Oso handia da. Dorre bat inguratuko luke. Kostatu egin zitzaigun zer zen konturatzea. Ikusi dugu badaudela horrelako hobiak dituzten dorretxeak, nahiko hurbil. Adibidez, orain urte batzuk horrelako zerbait induskatu zuten Arrigorriagan. Normalean, nekazaritzamunduan egoten diren dorreak dira, hau da, espazio zabalean. Otxandiokoa, berriz, hiribilduari pegatuta dago. Oso argi ikusten da hobi honek zatitu egiten duela herrixka.

Aurkikuntza bi horiek sasoi oso ezberdinetakoak dira?
Herrixkaren eta dorrearen artean hiru mendeko aldea dago. Guk inguru konkretu bat aztertu dugu. Horrek ez du esan gura espazio guztia data horietan guztietan erabili barik egongo zenik. Ez dakigu noiz abandonatu zuten herrixka. Ez dakigu hiribildua indartzeagaz batera abandonatu zuten, XIII. mendean, edo mantendu egin den, modu marjinal batean bada ere. Izan ere, hiribildua ez zuten herrixkaren gainean eraiki, iparralderago baino.

Iparralderago esaterakoan, norantza esan gura duzu zehatz-mehatz?
Andikona plazarantzago. Udaletxetik beherantza hasten da kale nagusia eta inguru horri buruz nabil. Erdi Aroko hiribilduaren hirigintza hortxe hasten da, gune horretan; nahiz eta apur bat itxuragabetuta egon, hortxe dago. Beraz, egin zutena izan zen hiribilduaren ondo-ondoan dorre handi-handi bat ipintzea, leku altu batean.

Zer aurkitu duzue dorretxeari buruz?
20 metro baino gehiagoko arrastoa aurkitu dugu, baita kurba non ematen duen ere. Datu hauek 2015ean leku horretan bertan egindako beste indusketa bategaz lotu ditugu. Iñaki Peredak egin zuen azterketa hori. Orain, dena lotuta, horren proiekzioa egiteko kapaz izan gara. Orain badakigu zein espazio okupatu zuen hiribilduaren barruan. Ikerketa hartan zanga batzuk eginda, hobi baten aztarnak aurkitu zituzten, 'V' formakoak, baina ezin izan zen zabalera guztia osorik dokumentatu. Beraz, argi zegoen hor zegoela eta Erdi Arokoa zela. Baina hiribilduko lubaki bat izan zitekeela interpretatu zen. Gainera, haren orientazioa nahiko arraroa zen, diagonala zen, elizarantza zetorren... Oraingo datuekin eskema guztiak apurtu zaizkigu. Lubaki horrek zer babesten zuen ikusi dugu.

Zergaitik dorrea hor? Badu osagai militarrik?
Bai, argi eta garbi. Oso hobi handia dauka. Osagai sinboliko bat ere badauka. Zelan eraikitzen den hiribilduaren ondo-ondoan. Kontuan izan behar dugu dorre hauek leinuen arteko gatazkekin lotuta daudela.

Bandokideen gatazkekin lotura izan dezake?
Inguru honetan bandokideen leinu bi egon ziren: ganboatarren aldekoak ziren abendañotarrak, eta oinaztarren aldekoak ziren Butron-Mujika. Elkarren etsai sutsuak izan ziren. Abendañotarrak Legutioko jaunak ziren eta Igorre eta Arratia aldean interes handia zuten. Otxandion ere badugu abendañotarren berri. X V.mendean Lope Garcia de Salazar historialari eta bandokideak Istoria de las bienandanças e fortunas liburuak idatzi zituen eta bertan bandokideen arteko gatazkak, erasoak eta abar kontatzen ditu. Idatzi horietan jasotzen du Butron y Mujica bat (oinaztarra) Otxandion sartu zela eta eraso bat planifikatu zuela Abendañoren etxearen kontra. Setiatu eta eraso egin ziotela dio, batzuk hil egin zituztela ere bai. Etxe hori “mucho fuerte” legez deskribatu zuen. Normala da, jakina, aurkitu dugun lubakia kontuan hartuta. Eraso horren ondorioz dorretxe hori bota egin zutela ere idatzi zuen. “La derriban por el suelo”, dio literalki. Beraz, badugu dokumentatuta abendañotarren presentzia hor, eta baita “mucho fuerte” deskribapena ere, gure indusketaren emaitzagaz bat datorrena.

Zelako lubakia da aurkitu duzuena?
Hormek V forma dute. Poste-zuloak sartuta ikusten dira. Zurezko hesi moduko bat egongo zen, espazio hori gehiago babesteko. Hobiaren hondoan egur batzuk agertu dira. Analisia egingo diegu eta eraztunen bitartez datak jakin ahalko ditugu. Burdinezko pieza batzuk ere agertu dira inguru horretan. Pieza horiek plegatuta daude. Burdinoletatik ekarritako piezak izan daitezke, fabrika txikietara eramateko.

Informazio horregaz guztiagaz, zein ondorio atera duzue?
Indusketan aurkituriko dorretxea Pedro de Abendañorena izan daitekeela uste dugu. Dorrea berregin egingo zuten seguruenik. Hobi hori anulatu egin zuten, bete egin zuten. Guk aurkitu duguna, hobi barrukoa, XVII. mendekoa da. Beraz, momentu horretara arte, modu batera edo bestera, zutik egon zen. Erabat zutik egongo zen eta oso altua izango zen? Beharbada etxe normalago bat izango zen momentu horretarako. Baina XVII. mendearen amaierara arte hormak egon ziren, eta hobia ere bai. Sasoi horretako dokumentu batzuk ditugu eta horietan aipatzen da abendañotarren dorretxe bat zegoela plazan. Baina egiturak han daude oraindino. XVIII. mendean, ostera, inguru hori plaza forma hartzen hasi zen eta beste hirigintza fase bat hasi zen. Elizako kanpandorrea berregin egin zuten, esate baterako, eta udaletxeko eraikina ere bai.

Zelan joan dira bisita gidatuak?
Oso ondo joan dira. Hainbat domekatan egin ditugu, euskaraz eta gazteleraz bisita bana egun bakoitzeko. Talde bakoitzean 25 lagun egon ziren. Oso gustura geratu nintzen. Jendeak interes handia duela ikusi dugu. Zer agertu den jakiteko grina hori nabaritu dugu. Material batzuk geneuzkan bertan jendeari erakusteko. Jendeak aukera du material hori ikutzeko. Informazio panel batzuk ere ipini genituen eta etxera eramateko informazioa ere eman genien. Izan ere, han aurkiturikoa herritarren ondarea da. Han ikusi gaituzte hiru hilabetean, gora eta behera. Hori guztia erakutsi egin behar da.

Maila pertsonalean, pozik zaude aurkitutakoagaz?
Indusketa hau oso aberasgarria izan da. X. mendetik hasita espazio horren bilakaera zelakoa izan den ikusi dugu. Pauso bakoitza zein izan den ikusi dugu. Gainera, dorretxea lubaki handi horregaz aurkitzea sorpresa handia izan da, eta bere presentzia dokumentu idatziekin lotzea lortu dugu. Horrela, emaitzak borobildu ahal izan ditugu. Alde horretatik, oso pozik gaude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!