Abendañotar leinukoena litzatekeen dorretxe baten arrastoak aurkitu dituzte Otxandioko indusketetan

Joseba Derteano 2022ko ots. 8a, 12:21
Otxandioko indusketako irudia.

Otxandioko plaza eraberritzeko lanei ekin aurretik, indusketak egin dituzte zoruaren azpian antzinako zer arrasto dagoen aztertzeko, eta dokumentatzeko eta aurreragoko indusketa batzuetan planteaturiko hipotesiak konfirmatzeko ez ezik, arrasto berri batzuk mahai gaineratzeko ere balio izan dute.

Indusketa hauetan aurkituriko arrastoei 2015ean han ondoan egindako beste batekoak gehituta, ondorioztatu daiteke espazio hartan dorretxe bat egon zela. Esaterako, beste aztarna batzuen artean, lubanarro bati zegokion zuloa aurkitu dute, seguruenik XIV. mendean egindakoa, sakoneran hiru metro eta zabaleran bost metro dituena. Lubanarroa sasoi batean dorretxeak inguratzen zituen zulo luzea da. "Ez zegoen zuloaren berririk. Hasieran, kostatu egin zitzaigun esku artean zer geneukan jakitea. Baina dokumentazioa eta abar aztertuta, horrelako zulodun dorreak badaudela ikusi genuen", azaldu du EHUko irakaslea eta indusketako zuzendaria den Belen Bengoetxeak. Orain urte batzuk, antzerako zulo bat induskatu zuten Arrigorriagan.

Zuloaren inguruan poste zuloak ere aurkitu dituzte. "Zurezko hesi batenak lirateke, ingurua gehiago babestu edo markatuko luketenak", dio Bengoetxeak. 

Dorrearen aldeko hipotesiak iturri idatzietan ere badu sostengua. XV. mende amaieran Lope García Salazar jaunak idatzitako Bienandanzas e fortunas obrak bandoen arteko gerretako askotariko gatazkak jasotzen ditu. Izan ere, Behe Erdi Aroan leinu handien arteko gizarte-liskar bortitzak izan ziren, oinaztarren eta ganboatarren artean, besteak beste. Leinu bakoitzak bere kideak edo aliatuak zituen. García Salazar bera oinaztarren aldekoa zen. Bada, liburuan kontatzen du oinaztarren aldekoak ziren Butroi-Muxika leinukoek Otxandioko dorre bat setiatu zutela eta erasoaren ondorioz dorrea eraitsi egin zutela. Gainera, dorrea 'oso gotorra' zela dio, indusketetan aurkituriko lubanarro handiari egoki lotzen zaion definizioa. "Beraz, hor baditugu datu batzuk indusketetan aurkiturikoari lotzen zaizkionak", adierazi du Bengoetxeak. García Salazarren kronikak beste datu baliotsu bat ere badakar: eraso egin zioten dorrea Abendaño leinukoa zen, ganboatarren bandokoa.

Ondoren, eraitsitako dorrea berregin egingo zuten seguruenik, eta XVII. mendera arte iraungo zuen. Izan ere, XVII. mendeko dokumentu batzuek abendañotarren dorretxe bat aipatzen dute. "Beharbada ez zen hain eraikin garaia izango, etxe normalagoa izango zen. Baina ordura arte zutik iraun zuen, modu batean edo bestean", azaldu du Bengoetxeak. Ondoren, seguruenik mende horren amaieran estali egingo zuten zuloa eta apurka-apurka gaur egungo forma hartzen joango zen plaza ingurua. "Beste hirigintza fase bat hasi zen", dio Bengoetxeak.

X. mendeko herrixka
Espazio hartan, dorretxearen aurretik, herrixka bat zegoen. Orain urte bi egindako indusketetan, horren arrastoak agertu ziren eta oraingoan ere bai. Orduko etxoletako poste zuloak aurkitu dituzte, "asko eta oso ezberdinak. Okupazioa oso intentsiboa izan zela adierazten du horrek", kontatu du Bengoetxeak. Datazio radiokarbonikoei eskerrak jakin dute espazio hartako lehenengo okupazioa X. mendekoa dela. Etxolen posteak, ostera, XI. mendekoak dira. "Sorrera X. mendekoa izango zen, eta benetako garapena XI. mendetik aurrerakoa".

Beraz, XIII. mendean Otxandio hiribildu bihurtu aurreko arrastoak dira. Dena dela, zehaztu behar da hiribildua iparralderago sortu zela, hau da, Andikona alderantzago.

Edozelan ere, herrixka horrek bere eliza izango zuen. Ikusita gaur egungo Santa Marinaren kokapena zein den, hipotesia da egungo elizaren azpian leudekela jatorrizko eliza zaharragoaren arrastoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!