"Egia osoa aitortzeko eta erantzukizun politikoak onartzeko garaia da"

Joseba Derteano 2021ko eka. 26a, 13:06
Luzia Urigoitiaren muralaren aurrean egindako agerraldiko irudia.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Luzia Urigoitiari eskainitako murala eta Ruben Garateri buruzko olana kentzeko agindu du. Epai hori salatzeko, Otxandioko hainbat herritarrek babestutako agerraldia egin dute gaur.

Ruben Garate 2000. urtean auto istripuan hil zen preso bati kartzelan egindako bisitatik bueltan zetorrela. Berari buruzko olana dagoen eraikinaren parean irakurri du lehenengo testua Ibon Garatek, Rubenen anaiak, ondoan Iñaki Garces preso otxandiarraren ama den Simona Beitia zuela. "Epai horretan, Estatuak ukatu egiten du dispertsioak helburu politikoak izan dituela, eta hori, 30 urteko esperientziaren ondoren, ez da sinesgarria euskal gizartearen gehiengo zabal baten begietara. Egiaren, egiaren alde baten edo alde baten egiaren ukapenaren aurrean gaude", adierazi dute. "Egia osoa aitortzeko eta erantzukizun politikoak onartzeko garaia da, eta ez egiaren zati bat eta norberaren erantzukizun politikoak ukatzen dituen kontakizuna eraikitzen saiatzeko", gaineratu dute.

Ondoren, Luzia Urigoitiaren murala dagoen tokira tokialdatu dira eta han beste testu bat irakurri du Miren Urigoitia otxandiarrak, ondoan Luzia Urigoitiaren lagun izandako Elisabete Kapanaga zuela. "Luziaren heriotzaren inguruko gertaerek nahikoa zantzu agertzen dute gertatu zenaren argipena exijitu eta erantzukizunak eskatzeko. Estatuak egia ukatu nahi du, egiaren alde bat edo alde baten egia", adierazi eta "aldeetako baten sufrimenduaren ukapenean oinarritutako justiziarik ez dagoela" gaineratu dute. "Egia osoa argitara ekarri eta norberaren erantzukizun politikoak onartzeko garaia da. Hau ez da hemen bukatzen. Gure aldetik, etengabe ahaleginduko gara egia osoa ezagutzera ematen eta erantzukizun politikoak bere gain har ditzatela eskatzen", esan dute amaitzeko.

Prentsaurrekoko irudia Ruben Garateri buruzko olanaren aurrean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!