Luzia Urigoitiari eskainitako murala eta Ruben Garateri buruzko olana kentzea agindu du EAEko Auzitegi Nagusiak

Joseba Derteano 2021ko eka. 25a, 12:55

Bilboko Epaitegi batek elementu biak kentzeko eskatu zuen 2019ko sententzia batean. Udalak epai hori errekurritu zuen, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du eskari hori.

Luzia Urigoitia 1987an hil zuten, tiroz, Guardia Zibilak Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa) eginiko sarekada batean. Epaiketa bat izan zen, baina epaileak kasua artxibatzea erabaki zuen, epaitzeko froga nahikorik ez zegoela iritzita. 2000. urte inguruan artxibatu zen kasua. Ruben Garate, berriz, 2000. urtean auto istripuan hil zen preso bati kartzelan egindako bisitatik bueltan zetorrela.

Urigoitiaren inguruko murala gaur egun osasun zentroa dagoen eraikineko horma batean dago 2017az geroztik. Mural hori Otxandioko Udalaren ekimenez egin zen, udalbatzarrean aho batez onartu ostean. Irudiari dagokionez, kasu horren inguruan bere sasoian egunkarietan argitaratutako hainbat titular jasotzen ditu. Irudiaren ondoan plaka bat dago zeinetan, besteak beste, udalbatzarraren adierazpen instituzionala jasotzen den. Adierazpenak dio muralaren helburua "iraganean gertutakoaren berri ematea eta memoria kritikoa sustatzea" dela, "berriro gertatu ez dadin"; horrekin batera "biktima guztiekiko elkartasuna" adierazten du "ideologia edozein  dela ere".

Ruben Garateren gaineko olana eraikin berean dago, baina beste aldeko horman. Garateren argazki bat eta Berriro gerta ez dadin. Dispertsiorik ez! goiburua dira bertako osagaiak. Olana ez zuen udalak jarri, baina haren ondoan plaka bat jarri zuen gerora.

Ibilbidea

2018ko urtarrilean Espainiako Gobernuaren Bizkaiko subdelegaritzak murala eta olana kentzeko eskatu zion udalari, besteak beste, Euskadiko terrorismoaren biktimen errekonozimendurako 4/20008 legea "urratzen" zuelakoan. Bilboko Epaitegiak eskaera hori berretsi zuen, 2019an. Otxandioko Udalak  EAEko Justizia Auzitegi Nagusian errekurritu zuen erabaki hori, baina erakunde honek atzera bota du errekurtsoa.

Garateren olana ez erretiratuta eta ondoan plaka bat gehituta, "aukera ideologiko jakin batekiko atxikimendua" ikusten du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak eta "neutraltasun polikoaren printzipioa hausten" dela dio epaian. Urigoitiaren murala "talde terrorista bateko kide bati egindako omenaldia" dela uste du.

Udaleko Giza Eskubideen Batzordeak "harriduraz eta atsekabez" hartu du horma irudiak kentzeko erabakia eta "oroimena berreskuratzen eta biktima guztientzat egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikapena aldarrikatzen" jarraituko duela adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!