“Lekukotza zuzenak desagertzen doazen neurrian, edozein hobi aurkitzea geroago eta gatxagoa da”

Joseba Derteano 2021ko api. 16a, 09:30

Jimi Jimenez durangarrak Aranzadin lan egiten du. Makina bat desobiratzetan parte hartu du. Otxandiokoaz gainera, Durangaldeko beste herri batzuetan egindako indusketen inguruko azalpenak eman ditu.

Aranzadik, Eusko Jaurlaritzagaz batera, 128 indusketa egin ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horietatik 46 positiboak izan dira. Beraz, Otxandion gertatutakoa ez da hain arraroa.
Lekukotza zuzenak desagertzen doazen neurrian, edozein hobi aurkitzea geroago eta gatxagoa da, informazio zehatza galtzen doalako. Hobiak mendian, bide bazterreko kunetetan edo basoan daudenean, aldaketak gertatu direla kontuan izan behar dugu, eta erreferentzia zehatzak desagertzen dabiltzala. Hilerrietan, bilaketa guneak mugatuagoak dira. Baina gogoratu behar dugu hilerriak espazio “biziak” direla. Hobi horren ostean, herriek gizartearen beharrei erantzunak eman behar izan dizkiete, eta gune batzuk berrerabili behar izan dituzte. Salbuespena dira interbentzio gutxi izan duten eta nagusien memoria heredatu duten lekuak. 

Hori da Otxandioren kasuan gertatu dena?
Otxandion hau gertatu ahal izan da. Bila ibilitako lekuetan ez da 36ko gertaera latzaren ebidentzia argirik topatu. Gaur egun, ikerketa eta lekukotza zehatzez gainera, zortea garrantzitsua da. Hala ere, zortea izatea bilaketa egitea besteko inportantea da. Otxandioren kasuan, arrasto berriak informazio berriei lotuta egongo dira.

Durangoko hilerrian 1937ko bonbardaketan eraikitako hobia dagoela diote.
Durangoko hilerriaren kasua Otxandiokoaren oso antzekoa da. Hasierako lanei 1937ko martxo eta apiril arteko hobiak aurkitzeko familien eta herriaren interesa gehitu behar zaie autoritateen aurrean. Ezinbestekoa da jakitea enterramenduak existitzen diren, eta non. Durangoko hilerria lako leku batean, memoriarako leku hori existitu beharko litzateke. Urtean behin loreak ipini daitezkeen leku bat izatea. Oraingoz, ditugun datuekin, ez dut uste bertan lanik egitea aurreikusita dagoenik. Baina egoera aldatu egin daiteke informazio edo lekukotza berriekin.

Durangaldeko beste herri batzuetan, zein ikerketa egin duzue?
Zornotzako hilerrian ez dugu lanik egin, ez dugulako familien edo beste inoren eskaerarik jaso. Euban, Bediagan, indusketa negatibo bat egin genuen. Gantzabalen, gudari baten aurkikuntza izan genuen, San Miguel auzoan. Elorrioko Santa Luzian ere emaitza negatiboa izan genuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!