Otxandioko hilerrian egindako indusketetan ez dute aurkitu bonbardaketan hildakoen hezurrak batzen dituen hobi komunik

Joseba Derteano 2021ko api. 16a, 09:30

Otxandioko kanposantuan prospekzioak egin dituzte, 1936ko bonbardaketan hildakoak han lurperatuta dauden jakiteko. Aranzadi elkarteak egindako ikerketa batean oinarritu dira indusketak bertan egiteko. Hobi komun bat aurkitzea zen helburua; gorpu askoren hezurrak toki jakin batean pilatuta eta nahastuta egongo ziren gune bat, hain zuzen ere. Horixe izango zen adierazlerik agerikoena hezurrak bonbadarketan hildakoenak zirela baieztatzeko. Baina ez dute horrelakorik aurkitu. Indusketetan ez da hobi komunik agertu.

Horren ordez, hobiratze indibidualak aurkitu dituzte. Hau da, banan-banan eta bata bestearen ondoan, ilaran, zeuden lurperatuta gorpuen hezurrak; gainera, kasu batzuetan, hilkutxen arrastoak —iltzeak, esaterako— zituzten inguruan. Aranzadiko adituen ustez, aurkitutako horiek ez dira bonbardaketa-oste batean egingo liratekeen enterramendu motak. "Esaterako, oso arraroa litzateke hainbat hilkutxa prest izatea hildakoei lurra emateko. Azken batean, ezusteko bonbardaketa bat izan zen, herritarrek ez zuten espero", azaldu du Jimi Jimenez Aranzadiko ikertzaile eta arkeologoak.

Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzak eta Aranzadik ez dute arrazoirik ikusi enterramenduetan aurkitutako gorpuen identitatea aztertzeko. Horregaitik, gorpuak eta hezurrak bere horretan utzi eta hobiak berriro lurrez estali dituzte.

Otxandioko udal gobernu taldeak bestelako ikuspuntua du aurkitu diren enterramendu indibidualen gainean. "Grabatuta daukagun testigantza batean, hildakoak lurperatzen ibilitako gizon batek argi eta garbi dio ezagunak ziren pertsonak banan-banan eta bakoitza bere lekuan lurperatu zituztela, eta besteak denak batera, zenbait lekutan". Gaineratu dutenez, "herri txikia izanik, lagunak eta oso hurbilekoak ziren hildakoak, eta, gure ustez, zentzu osoa dauka eurak duintasunez ehortzeko saiakerak".

Udalak diptiko bat landu du prospekzioen inguruko informazioa herritarrei helarazteko. Diptiko horretan ondorio nagusi bi jaso dituzte. "Lehenengoa, egindako ikerketek argi adierazten dutela bonbardaketa egunean, momentuan bertan, hildako otxandiarrak hilerrian lurperatu zituztela. Bigarrena, zenbait testigantzak adierazten zuten eremuan hobi komunik ez, baina enterramenduak eta hilotzak daudela, eta gaurkoz ez daukagula nahikoa informazio haien identitatea zein den adierazteko".

Ikerketa, indusketen oinarri
Aranzadik egindako ikerketa batek adierazten du bonbardaketan hildako batzuk gutxienez kanposantura eraman zituztela. Udaleko eta elizako artxiboetan halaxe jasota geratu zen; hau da, bonbardaketan hildakoen izen-abizen jakin batzuen ondoan, haiek nora eraman zituzten jasota dago eta Otxandioko hilerria da toki hori. Artxiboetan jasotakoa indartzen zuten testigantzak ere bazituzten. Azkenik, geo-radar bidez egindako araketa batek lurra ez zen zonalde batzuk identifikatu zituen.

Prospekzioen kronika
Udalaren, Gogora institutuaren eta Aranzadi elkartearen bitartez egindako prospekzioak martxoaren 30ean eta 31n, eta apirilaren 1ean egin zituzten. Hondeamakina txiki batek zuloak egin zituen kanposantuaren beheko aldean, oraindino hilarririk ez dagoen belarrez estalitako eremu osoan.

Sarreratik gertu, testigantza batek adierazitako tokian hasi zituzten bilaketa lanak, baina ez zuten ezer aurkitu. Ondoren, geo-radarrak  markatutako zonaldeetan zentratu ziren. Aurkitu zutena ez zen itxaroten zena: sasoi  bateko harresi edo eraikin baten arrastoak ziren. Horren ostean, inguru berean hobi gehiago egin zituzten eta orduan agertu ziren aurrerago aipatutako hezurrak eta enterramenduak. Biharamunean, kanposantuko beste zonalde batean jarraitu zuten eta mota horretako enterramendu gehiago agertu ziren.

Aurrera begira
Eta aurrera begira zer? Memoriari lotutako ekimenak aurrera eramango dituzte, ikerketa posible berriei aterik itxi barik.

Horrela, memoriari lotuta, hilerria Otxandioko 'Lorratzak' ibilbidean sartuko dute. Orain hiru bat urte sortutako ibilbideak herriko hainbat toki lotzen ditu, eta gerra zibilak Otxandion utzitako arrastoa ezagutara ematea du helburu. Horrez gainera, hilerriaren sarreran, eta baita barruan ere, bonbarkadetan hildako herritarrak oroitu eta omendu ahal izateko memoriaren gune bat sortu gura dute.

Horrez gainera, enterramenduak aurkitu diren eremua "behar den moduan markatu, itxi eta txukun mantenduko dute", udal gobernuaren esanetan. Horrela, aurrera begira, ikerketa gehiago egiteko aukera zabalik mantendu gura dute. Ildo horretatik, baliagarria izan daitekeen informazioren edo daturen bat izan dezaketen herritarrei udaletxean jakinarazteko eskatu diete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!