“Nagusienek diote gure gaztak umetako zaporeak gogorarazten dizkiela”

Aitziber Basauri 2021ko api. 17a, 10:50

Urte bi dira Lorena Costa Magunazelaiak (Otxandio, 1986) Otxauntz proiektua gorpuztu zuela, horretarako lursaila erosteko aukera sortu ondoren. Eta, iaztik, ahuntz-esneagaz egindako gazta egiten du. Durangon, Zornotzan, Abadiñon, Arratian eta Gasteizen ditu salmenta puntuak. Ahuntzai-Euskal ahuntz-esne produktoreen elkarteko kidea da Costas. Antxumeak ere saltzen ditu.

Zelan heldu zenion erronkari?
Senarrari eta bioi asko gustatzen zaigu baserri mundua, eta argi genuen alabei bizitzeko modu hau eskaini gura geniela, naturagaz kontaktuan. Bada, alaba nagusia jaiota, eta bigarrena bidean zela, pausoa ematera ausartu ginen. Lan handia dago, gogorra da, baina asko gustatzen zait. Gainera, lana eta familia bateratzeko aukera ematen dit. Etxekoen eta gertukoen laguntza dut.

Zergaitik ahuntzak?
Asko gustatzen zaizkigu eta Euskal Herrian ahuntz-ustiapen gutxi dago. Ahuntz-esneagaz egindako gazta oso interesgarria da, desberdina, eta apustu ona izan zitekeela pentsatu genuen. 2019an ekarri genituen lehenengoak, Orduñatik, lau hilabetegaz, titia kentzera. Eta hamar bat hilabete izan genituen hazten, lehenengo erditzera arte. 50 bat buru genituen, baina gaztandegia prest ez zegoenez, esnea saltzen hasi ginen. Bigarren erditzerako (joan zen urrian) gaztandegia prest genuen eta gaztagaz hasi ginen.

Erraz gobernatzen dira ahuntzak?
Bai. Mantsoak dira, ikusmin handia dute eta lotsarik ez. Bihurrikeriaren bat egin dezakete, baina hori ere dibertigarria da. Azpiegitura ondo prestatu behar da, salto egiten dutelako, ihes egin dezaketelako.

100 ahuntz dituzue eta kopuru horri eutsi gura diozue.
Basamortuko klimakoak dira eta kortan denbora asko ematen dute. Horrek egonkortasun polita ematen du: hamar hiletan ematen dute esnea, eta hile bian antzu daude. Orduan prestatzen dugu erditze-aurrea, larreratu egiten ditugu (udarako programatzen dugu). Animaliak eta produktua mimatzea gustatzen zaigu, eta ustiapen kopurua erabilerraza izan behar da. Denak ezagutzen ditut. Horrek kontrol sentsazioa ematen dit eta haietaz disfrutatzeko aukera.

Gazta freskoa egiten hasi zineten?
Bai. Oso suabea da, krematsua. Ia ez du laktosarik eta digestioari laguntzen dio. Ia ez du loditzen. Bezero nagusienek diote gaztak umetako zaporeak gogorarazten dizkiela. Eskuz egindako produktu naturala da, oso gustukoa. Gazta ondua errulo antzekoa da, eta oskol jangarria du. Esne guztia pasteurizatzen denez,  30-40 egunetara saltzen dugu. 

Km0 kontzeptuaren alde egin duzue.
Bai. Oso garrantzitsua da produktua zuzenean ematea. Txikiak izanik, ahalegin hori egin behar dugu aukerei eusteko. Askoz hobeto saltzen da, esklusiboagoa da, eta jendeak hori baloratzen du. Gure produktua baloratzen duten dendak topatzea garratzitsua da.

Harrera ona izan duzue?
Oso kontsumitzaile fidelak ditugu, eta oso pozik gaude. Euskal Herrian egindako produktu desberdin bat da eta eskaintza hori eskertzen du jendeak. Ahuntz-esnea eta horregaz egindako gazta fuerteegiak direla dago zabalduta, baina ez da egia. Oso esne gozoa da. Osasungarriena. Amaren bularreko esnearen antzekoena.

Zeintzuk helburu dituzu?
Pausoz pauso joatea. Produktua kontrolpean izatea, formakuntzagaz eta Leartiker zentroagaz lanean. 

Zer aukera ematen ditu zuen gaztak?
Hasierako plater zein postre lez jan daiteke. Gozoagaz, entsaladan edo ogi txigortuagaz, laban. Okelagaz, barazkiekin edo gratinatuta ere bai.

Porruak ere eskaintzen dituzu.
Otxandion porru eta aza bereziak hazten dira, lurragaitik eta dagoen hezetasunagaitik. Izotza edo elurra hartu duen porruak askoz ere balio handiagoa du, samurragoa delako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!